Mundua -
Venezuela
Biografia: Nicolas Maduro, Chavezen ondorengoa
Atzerri Gaietarako Ministerioan lortutako eskarmentu zabalari esker, etorkizun politiko emankorrenetarikoa du Venezuelako egungo presidenteordeak.
Erredakzioa
2011ko ekainean minbizia atzeman ziotenetik laugarren ebakuntza egingo diote datozen egunotan Hugo Chavez Venezuelako presidenteari. Osasun arazo hauen aurrean, Chavezek ondorengotzat jo du Nicolas Maduro egungo presidenteordea. Urriaren 10ean egungo kargua hartu zuen, eta gainera, 2006tik Atzerri Gaietarako Ministerioko buru da.
Madurok Chavezen konfiantza osoa izan du azken urteetan. Nazioartean landutako eskarmentuak lagunduta, etorkizun politiko emankorrenetarikoa du Venezuelako egungo presidenteordeak. Halaber, sindikatuetako agintaritzan ere ibilbide luzea du.
Chavezen konfiantzazko gizona
1962an Caracasen jaioa, lider ezkertiar nabarmena da Maduro. Batxiler-gradua ikasten ari zela, Maoren ideiekin bat egiten zuen lider bihurtu zen. Unibertsitatean ikasi gabe, Caracaseko Metroaren autobusen gidaria izan zen, eta sindikatuko buru izendatu zuten 90ko hamarkadan.
1992ko otsailean Estatu kolpea ematen saiatzeagatik espetxera bidali zuten Chavez, eta hortxe, hain justu, ezagutu zuen Madurok, Cilia Flores bere emaztea Chavezen askapena lortzeko borroka egin zuen abokatua izan zelako.
Maduro V. Errepublikaren Mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. 1999an Konstituzioa idazten lagundu ostean, 2000. urtean diputatu izendatu zuten. Ondoren, sei urte beranduago, 2006an, Parlamentuko presidente aukeratu zuten. Urte horretan Atzerri Gaietarako ministroa izendatu zuen Chavezek.
Chavezen konfiantzazko gizona da Maduro. Minbiziari aurre egiteko Venezuelako presidenteak politikan izandako babesik handiena eskaini dio Madurok. Halaber, Chavezen osasunaren berri eman du behin baino gehiagotan.