Mandela -

Hil-kapera Pretorian

Milaka hegoafrikar, Mandelari azken agurra emateko zain

Ospetsu eta nazioarteko buruzagiek bisita egin diote gaur hil-kaperari. Ostiralera arte egongo da zabalik, Hegoafrikako Gobernuaren egoitzan.

Winnie Mandela eta Jacob Zuma, hilkutxaren segizioan. EFE
Winnie Mandela eta Jacob Zuma
Mandelaren hil kapera zabalik azken agurrerako

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurpegi serio eta jantzi beltzak soinean, ilara amaigabean. Hala daude goizetik milaka hegoafrikar. Helburu jakina dute Nelson Mandela presidente ohiaren eta Bake Nobel saridunaren hil-kapera bisitatzea. Goizean zabaldu dute Hegoafrikako Gobernuak Pretorian duen egoitzan, Unions Buildings delakoan.

Ospetsuak eta nazioarteko buruzagiak ere batu zaizkie herritarrei. Tartean, Bono abeslaria, Naomi Campbell modeloa, Robert Mugabe Zimbaweko presidentea edo Frederik de Klerk Hegoafrikako presidente ohi eta Mandelarekin batera Nobel Saria irabazi zuena. Ostiralera arte egongo da zabalik kapera, Mandelak 1994an presidente karguaren zina hartu zuen leku berean.

Hegoafrikako banderaz estalia zegoen hilkutxari hiru ejertzitoren militarrek osatutako ohorezko guardiak egin dio harrera Unions Buildingsen. Aurretik, furgoi beltz batean Pretoriako kaleetatik barrena eraman dute, ehunka hegoafrikar segizioa jarraitzen zutela. Hirira sartzeko errepideak kolapsatu egin dira, Mandelari azken agurra eman nahi dioten herritar kopuruagatik.

Herritarrek gaur dituzten aurpegi ilunek ez dute atzo FNB estadioan egindako hiletan erakutsitako pozarekin zerikusirik.

Mandelaren alargunak, negarrez

Hil kapera herritarrei zabaldu aurretik, Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea, Graça Machel Mandelaren alarguna eta Winnie Mandela emazte ohia bertan izan dira.

Graça Machel negarrez eta beltzez jantzita iritsi da, Zuma presidentearekin batera. Atzetik, negarrez ere, Winnie Mandelak Gobernuko egoitzaren eskailerak igo ditu, jarraigo handi batekin.

Hileta koloretsua

Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiari azken agurra eman zioten atzo Sowetoko (Johannesburg) FNB estadioan egin zuten hileta erraldoian. 100 gobernuburuk eta milaka hegoafrikarrek bete zuten Mandelak 1990ean, kartzelatik irten berritan, hitzaldi historikoa eman zuen futbol zelaia. Izan ere, inoiz izan den hileta jendetsuena izan zen atzokoa.

Hegoafrikan 11:58 zirela hasi zen hileta (Euskal Herrian, 10:58an) eta lau ordu geroago bukatu zen. Herrialdeko ereserki nazionalarekin abiatu zen, estadioan zeuden milaka lagunek kantatua. Futbol zelaia ez zen lepo bete, Johannesburgen etengabe ari zen euriagatik, eta erdigunetik nahikoa urrun dagoen estadiora joateko garraiobide publiko faltagatik.

Ekitaldia ordubeteko atzerapenarekin hasi zen, estadioan egon behar zuten buruzagiak berandu heldu baitziren, tartean, Barack Obama AEBetako presidentea. Gobernuburu eta buruzagi batzuk txalo artean hartu zituzten FNB estadioan bildutakoek; Jacob Zuma Hegoafrikako egungo presidenteak, ordea, txistuak entzun behar izan zituen.

Cyril Ramaphosa Afrikako Kongresu Nazionaleko kideak eta Madibaren borroka lagunak egin zituen lehen berbak eta Mandela "aholkulari eta maisua" izan zela azpimarratu du.

"Gaua ilunago egiten denean, gogoratu gaitezen Madibarekin" esan zuen Obamak, eta Mandela "historiaren erraldoitzat" jo zuen. Munduko beste buruzagi batzuk kritikatzeko abagunea ere hartu zuen AEBetako presidenteak. Salatu zuenez, Mandelaren borrokarekiko euren elkartasuna erakusten duten buruzagiak badaude, baina "bere herriaren disidentzia" onartzen ez dutenak.

Une historiko eta hunkigarriak

FNB estadiora heltzen azkenetarikoa izan zen Obama, ekitaldia hasi eta ordubetera iritsi baitzen. Futbol zelaian zeudenak zutik jarri ziren Obama heltzean. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia eta Raul Castro Kubako presidentea ere txaloz hartu zituzten. Hain justu, bi buruzagiek eskua eman zioten elkarri Obama oholtzara joan zenean. Aurrekaririk gabeko agurra izan da biena.

Izan zen beste une historiko edo hunkigarririk: Graça Machel Nelson Mandelaren alarguna estadiora heldu zenekoa, esaterako. Winnie Mandela buruzagi hegoafrikarraren bigarren emaztea ere palkoan izan zen eta besarkada beroa eman zion Machel alargunari. Aurretik, Bake Nobel sariadunaren ilobak heldu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea