Mandela -

Hegoafrika

'Historiako handi bat' agurtu dute hegoafrikarrek eta munduko buruek

Une historiko eta hunkigarriak izan dira lau orduko ekitaldian: Obama eta Castroren arteko agurra, eta Mandelaren bi alargunen besarkada beroa, esaterako.

Barack Obama, bere hitzaldian. EFE
Barack Obama
Barack Obama, bere hitzaldian. EFE

E.G | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiari azken agurra eman diote gaur Sowetoko (Johannesburg) FNB estadioan egin duten hileta erraldoian. 100 gobernuburuk eta milaka hegoafrikarrek bete dute Mandelak 1990ean, kartzelatik irten berritan, hitzaldi historikoa eman zuen futbol zelaia. Izan ere, inoiz izan den hileta jendetsuena izan da gaurkoa.

Hegoafrikan 11:58 zirela hasi da hileta (Euskal Herrian, 10:58an) eta lau ordu geroago bukatu da. Herrialdeko ereserki nazionalarekin abiatu da, estadioan dauden milaka lagunek kantatua. Futbol zelaia ez da lepo bete, Johannesburgen etengabe ari den euriagatik, eta erdigunetik nahikoa urrun dagoen estadiora joateko garraiobide publiko faltagatik.

Ekitaldia ordubeteko atzerapenarekin hasi da, estadioan egon behar zuten buruzagiak berandu heldu baitira, tartean, Barack Obama AEBetako presidentea. Gobernuburu eta buruzagi batzuk txalo artean hartu dituzte FNB estadioan bildutakoek; Jacob Zuma Hegoafrikako egungo presidenteak, ordea, txistuak entzun behar izan ditu.

Cyril Ramaphosa Afrikako Kongresu Nazionaleko kideak eta Madibaren borroka lagunak egin ditu lehen berbak eta Mandela "aholkulari eta maisua" izan zela azpimarratu du.

Hiletari erlijio ezberdinetan otoitz egiten ekin diote, hala eskatu baitzuen Mandelak bere azken nahietan.

Otoitzaren ostean, hitzaldi sorta egon da: presidente ohiaren lagun min batena edo Mandelaren ilobenak. Oholtzara igo diren nazioarteko buruzagiek laudorio hitzak izan dituzte Mandelarentzat. Dilma Roussef Brasilgo presidenteak "XX. mendeko pertsonalitate apartekoena" izan zela azpimarratu du; eta Ban-Ki-moon NBEko idazkari nagusiak eta Raul Castro Kubako gobernuburuak bat egin dute 'Historiako handi'tzat jotzean. Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak, azkenik, "askatasunaren aldeko borrokalari" gisa definitu du.

Dena dela, Barack Obama AEBetako presidentearen hitzaldia izan da denetan nabarmenena. AEBetako presidenteak eskerrak eman dizkio Hegoafrikako herriari "Nelson Mandela gurekin partekatzeagatik". "Munduak, zuoi, Hegoafrikako jendeari, Nelson Mandela gurekin partekatu izana eskertzen dizue. Bere borroka zuen borroka izan da. Bere garaipena, zuena", borobildu du.

"Gaua ilunago egiten denean, gogoratu gaitezen Madibarekin" esan du Obamak, eta Mandela "historiaren erraldoitzat" jo du. Munduko beste buruzagi batzuk kritikatzeko abagunea ere hartu du AEBetako presidenteak. Salatu duenez, Mandelaren borrokarekiko euren elkartasuna erakusten duten buruzagiak badaude, baina "bere herriaren disidentzia" onartzen ez dutenak.

Une historiko eta hunkigarriak

FNB estadiora heltzen azkenetarikoa izan da Obama, ekitaldia hasi eta ordubetera iritsi baita. Futbol zelaian zeudenak zutik jarri dira Obama heltzean. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia eta Raul Castro Kubako presidentea ere txaloz hartu dituzte. Hain justu, bi buruzagiek eskua eman diote elkarri Obama oholtzara joan denean. Aurrekaririk gabeko agurra izan da biena.

Izan da beste une historiko edo hunkigarririk: Graça Machel Nelson Mandelaren alarguna estadiora heldu denekoa, esaterako. Winnie Mandela buruzagi hegoafrikarraren bigarren emaztea ere palkoan izan da eta besarkada beroa eman dio Machel alargunari. Aurretik, Bake Nobel sariadunaren ilobak heldu dira; eta eurak izango dira omenaldian hitza hartzen lehenak.

Johannesburgen den eguraldi kaskarrari aurre eginez, milaka hegoafrikarrek kantuan eta dantzan eman dituzte ekitaldia hasi aurreko orduak. Mandelaren aurpegiarekin apaindutako elastikoak soinean, borroka kantak abesten eta txistuak jotzen eman dute denbora.

Estadioaren ateak Hegoafrikan 06:00ak zirenean zabaldu dira. Herritarrek oinez edo garraio publikoan soilik egin dute zelairako bidea, eta akreditazioa duten 1.500 kazetariek, berriz, autobusean. Johannesburgeko beste hiru zelai ere egokitu dituzte, ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izateko. Halaber, 100 pantaila erraldoi jarri dituzte hiriko zenbait tokitan.

Nelson Mandelaren heriotzaren ondoren, bosgarren dolu-eguna du astearte honetan Hegoafrikak. Abenduaren 5ean hil zen Nelson Mandela, 95 urte zituela, eta, ordutik, etengabeak izan dira Madibari egin dizkioten omenaldiak.

Ia 100 estatuburu eta gobernuburu

Goizean zehar etengabea izan da ekitaldian espero ziren 100 buruzagi eta ospetsuren iristea. Heltzen lehenetarikoa izan da David Cameron lehen ministro britainiarra, eta haren aurrekoa, Tony Blair ere bertan da. Nicolas Sarkozy Frantziako lehen ministro ohia, Kofi Annan NBEko idazkari nagusi izandakoa; Desmond Tutu artzapezpikua eta Jacob Zuma Hegoafrikako gaur egungo presidentea ere FNB futbol zelaian daude. François Hollande Frantziako presidentea eta Mariano Rajoy Espainiakoa ere bertan daude. 

Dilma Rousseff, Raul Castro, Nicolas Maduro eta Enrique Peña Prieto (Brasilgo, Kubako, Venezuelako eta Mexikoko buruak) ere bertaratu dira. Europar Batasuneko ordezkari gisa, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko burua dira Hegoafrikan, eta kontinente horretako 34 herrialdetako buruek ere agur esan diote Mandelari.

Errege-etxeetako ordezkarien artean, Belgikako erregea eta Luxenburgoko duke handia, besteak beste, bertan dira. Felipe Asturiasko printzea eta Karlos Galeseko dukea ere han izan dira.

Ospetsuak ere heldu dira hileta izango den futbol zelaira, besteak beste, Charlize Theron aktore hegoafrikarra, Bono abeslari eta aktibista eta Naomi Campbel modeloa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea