Hugo Chavez -
Gorenaren erabakia
Maduro Venezuelako Presidentetza utzi gabe hautagai izan liteke
Justizia Auzitegi Gorenaren erabakiak "Konstituzioari iruzur" egiten diola salatu du Enrique Capriles Venezuelako oposizioaren buruzagiak.
Erredakzioa
Nicolas Maduro presidenteordea Presidentetza laga gabe hautagai izan daitekela erabaki du Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak.
Hugo Chavez presidentearen hileta-elizkizunak Caracasen egiten ari ziren bitartean epaiaren berri eman du Venezuelako Auzitegi Gorenak.
Chavezen heriotzarekin Madurok "Presidenteordetza utzi du" eta Errepublikako "presidente izatera" pasa da, Gorenak jakitera eman duenez.
"Behin presidentea falta dela egiaztatuta, hauteskunde unibertsalak, zuzenak eta sekretuak deitu behar dituzte", gogorarazi du Gorenaren testuak. "Madurok ez du zertan presidente izateari utzi behar" hautagai gisa parte hartzeko, errepikatu du Auzitegiak.
Gobernuaren aurreneko lau urteetan presidentea falta bada presidenteordeak Presidentetza hartu eta 30 eguneko epea izango du hauteskunde berriak deitzeko, Venezuelako Konstituzioaren arabaera.
"Konstituzioari iruzurra"
Justizia Auzitegi Gorenaren erabakiak "Konstituzioari iruzur" egiten diola salatu du Enrique Capriles Venezuelako oposizioaren buruzagiak.
"Gorenaren epaiak Konstituzioari iruzur egiten dio, eta horrela salatu nahi dugu munduaren aurrean", idatzi du Caprilesek Twitter sare sozialean.