Gizartea -
Hezkuntzaren erreforma
EAJ: 'Werten proposamenak muturreko nazionalismoaren kutsua du'
Josu Erkorekak esan duenez, Hezkuntza erreformatzeko Wert ministroak aurkeztutako zirriborroak "eredu linguistiko eta kultural bakarra eta espainiarra Estatuan inposatzea du helburu".
Erredakzioa
Josu Erkoreka Kongresuan EAJko bozeramaileak esan duenez, Jose Ignacio Wert ministroak Hezkuntza erreformatzeko aurkeztutako proposamenak "errealitatetik urrun dagoen planteamendua eta muturreko nazionalismo espainiarraren kutsua du, helburua eredu linguistiko eta kultural bakarra eta espainiarra Estatuan inposatzea izanda".
Europa Pressi eskainitako adierazpenetan Erkorekak esan duenez, Wertek "ikasleak espainiartzea nahi du, eta horien bidez, gizarte osoa, eredu linguistiko eta kultural bakarra eta espainiarra Estatuan inposatuta".
Erkorekaren esanetan, ofizialak diren hizkuntzen aurka Gobernuak abiatutao "eraso politika" utzi dute agerian Werten adierazpenek. "Hizkuntza hauek bazterkeriara kondenatu dituzte", salatu du jeltzaleak.
Hezkuntza-eskumenak
Halaber, autonomia erkidegoko hezkuntza-eskumenen aurkako "erasoa" salatu du Erkorekak. "Eskumen hauek inolako lotsari gabe zapaldu ditu", deitoratu du jeltzaleak, "eta hezkuntzan urte askotan zehar landu ditugun akordioen aurka ere ari dira, Estatuko nazioen izaera linguistikoa eta kulturalaren gainean inolako ezagutzarik ez duela argi utzita". Gauzak horrela, "zentzua berreskuratzeko, iritziz aldatzeko eta legearen aurreproiektua bertan behera uzteko" eskatu dio Werti.
Celaa: 'Esku-hartze garbia da'
Bestalde, Isabel Celaa jarduneko Hezkuntza sailburuak ere Werten proposamena gaitzetsi du. "Proposamen zaharkitua da, eta esku-hartze garbia eta bazterketa ekartzen ditu", salatu du. "Eskumenak inbaditzen ditu, eta, ondorioz, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkezteko oinarria dago", iragarri du.
Radio Euskadin eskainitako adierazpenetan Celaak esan duenez, "hizkuntzen auzia konponduko dugu azkenean baina beharrezkoa da hizkuntza ofizialei enbor-irakasgairen estatusa ematea". "Garrantzitsuena arreta beste gaietan jartzea da, auzi honekin gainontzeko guztia estali nahi dutelako", nabarmendu du.