Gizartea -
Hezkuntza erreforma
Euskal hezkuntza sistemaren alde egiteko eskatu die Celaak alderdiei
Jarduneko Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, Wert ministroaren hezkuntza erreforma "Madrilgo Erkidegoko hezkuntza politikan oinarritzen da". Celaak erreforma baztertzeko eskatu dio Werti.
Erredakzioa
Gobernuak proposatu duen hezkuntza erreformaren aurrean, euskal hezkuntza sistemaren alde egiteko eskatu die alderdiei Isabel Celaa jarduneko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuak. Erreforma "PPk PPrentzat egindakoa da", Celaaren ustez, eta "PPren eskuin muturrean daudenak asebete nahi ditu".
Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak atzo Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Legearen zirriborroa aurkeztu eta gero, horri buruzko prentsaurrekoa eskaini du Celaak. Jarduneko sailburuak esan duenez, erreforma "PPk PPrentzat egindakoa da, eta Madrilgo Erkidegoko hezkuntza politikan oinarritzen da". Gainera, Hezkuntzaren Lege Organikoaren filosofia urratzen du, hau da, berdintasuna eta parekidetasuna.
Celaaren iritzian, erreformak "gastuak murriztu besterik ez du nahi, baina horrek gastu txikiko hezkuntza sistema bat izatea ekarriko du".
Proposamena une oro aldatzen ari direla kritikatu du, eta proiektua erretiratzeko eskatu dio Werti. Celaaren aburuz, gaur egungo euskal hezkuntza sistema "adostasunaren emaitza da, ondo funtzionatzen du, eta emaitza onak ematen ditu. Gainera, legeek eta dekretuek babesten dute".
"Beste esparru batzuetatik lege mailan datozen eta eskumenak urratzen dituzten erabakiak Auzitegi Konstituzionalera eraman beharko lirateke, baina hori hurrengo agintarien ardura da", esan du Celaak hurrengo agintaldian Eusko Jaurlaritza gidatuko duen alderdiari, EAJri, zuzenduta.
Testuaren beste alde batzuen harian, haur hezkuntza asistentziazkoa bilakatu dela eta Lan Heziketa "bigarren mailakotzat" jotzen duela kritikatu du. Gainera, Erlijioa beste irakasgai bat izateko "blindatu" egin dutela salatu du.
Ikasleak sexuaren arabera banatzea baztertzen duela esan du Celaak. Horrez gain, "ikasketak egiteko zentroa aukeratzeko askatasunak" Administrazioaren plangintza urratzen duela azaldu du; izan ere, "ezin dute azken unera arte zain egon".
"Espezialitateko" hizkuntza bihurtuz, Wertek euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtu nahi duela ere salatu du Celaak.