Gizartea -
Profila
Goirizelaia, bigarrenez karguari eutsi dion errektore bakarra
Ikasleen elkarteak eta azken urteetan unibertsitatearen jarduerak izan dituen emaitzak alde ditu Goirizelaiak.
Iñaki Goirizelaia Ordorikak (Mungia 1958) Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan (IGET) egin zituen ikasketak eta, karrera amaitzean, duela 31 urte, eskolak ematen hasi zen unibertsitatean.
Betidanik elkartu ditu irakasle eta ikertzaile jarduerak. 1984. urtean, nazioarteko kolaboratzaile gisa onartu zuten Kaliforniako Stanford Research Instituten, ordenagailu bidezko irudien interpretazioaren industriako aplikazioa aztertzeko.
Stanforden egin zituen lanak 1987ko maiatzean euskaraz idatzitako bere doktoretza-tesiaren oinarria izan ziren. Tesia lantzen zuen bitartean, abian jarri zuen Labein ikerketa-zentrorako Adimen Artifizialeko arloko laborategia.
1987 eta 1993 artean, ikusizko ikuskapen automatizatuak interpretatzen eta industrian izan ditzaketen aplikazioak bilatzen aritu zen. Ikerketa horien emaitza lau patente, nazioarteko bi tartean, eta irudiak prozesatzeko teknologia ustiatzeko oinarri teknologikoa zuen enpresa baten sorrera izan ziren.
2002. urteko martxotik, ingeniaritza telematikoko katedraduna da, eta bere irakasle eta ikertzail -jarduerak Komunikazio Ingeniaritza Saileko irakasle gisa garatu ditu. I2T ikerketa taldeko kidea da. Boto elektronikorako teknologiari buruz egin zituen lanei esker, Massachusettseko Institutu Teknologikoaren (MIT) ateak ireki zitzaizkion eta Media Lab-en, irakasle bisitari gisa egon zen lanean.
1998. urtean Unibertsitate-Enpresa Harremanetarako errektoreorde izendatu zuen Pello Salaburu errektoreak. Gainera, Akademia Antolakuntzako errektoreorde eta Bizkaiko Campuseko errektoreorde izan zen, bi kasuetan Juan Ignacio Perez errektoreak izendatua.
2008. urteko abenduaren 4an EHUko errektore hautatu zuten, Marisol Esteban aurkariari boto gutxiko aldearekin irabazi ostean.
Bigarrenez kargua hartuko du, hautagaitzaren aurkezpenean esan zuen bezala unibertsitatea eraikitzen jarraitu nahi duelako, "euskal gizartearen kohesio eta garapenari gehien laguntzen dion proiektu instituzionala delako".
EHUko errektoretzarako hauteskundeen azken txanpak aparteko ordainsaria izan du hizpide. Gobernuak funtzionarioei kentzeko erabakia hartu ostean, Jaurlaritzak ordainsaria emango zuela iragarri zuen, eta ""EHUk langileei ordainsari osoa ordainduko die langileei abenduan" berretsi zuen Goirizelaiak berak ETBn.
Unibertsitateko langileei Gabonetako paga hala edo nola ordaintzeko eta Madrilgo murrizketen eragina ahalik eta gehien gutxitzeko hitza eman du Goirizelaiak hauteskunde kanpainan.