Gizartea -
Arartekoaren txostena
Arartekoak zalantzan jarri du Cabacasen heriotza argitzeko ikerketa
Iñigo Lamarcaren esanetan, ikerketa ez zen inpartziala izan, eta indarkeria bidegabe erabiltzea egotzi dio Ertzaintzari. Mendiak erantzun dio ez duela "eskumenik" ikerketa egiteko.
Erredakzioa
Iñigo Lamarca Arartekoak zalantzan jarri du Herrizaingo Sailak Iñigo Cabacas Athletic Cluben zalearen heriotza argitzeko abiatutako ikerketa. Hori horrela, ikerketa ez dela "inpartziala" izan eta gertatutakoa argitzeko "nahikoa eta egokia" ez dela izan salatu du.
Halaber, gaztearen heriotza eragin zuen kargan indarkeria eta istiluen aurkako materiala "bidegabe" erabili izana egotzi dio Ertzaintzari.
Iñigo Cabacas 28 urteko basauritarra larri zauritu zen apirilean, Athletic-Schalke partidaren ostean, Ertzaintzak jaurtitako pilota batek buruan jota, eta handik eta egun batzuetara hil zen, Basurtuko Ospitalean.
Arartekoak ofiziozko ikerketa abiatu zuen, eta gaur ondorioak jakinarazi ditu. Bien bitartean, auzia ez aurrera ez atzera dago epaitegian.
Arartekoaren esanetan, "Herrizaingo Sailak ez du justifikatu istiluen aurkako materiala modu proportzionalean eta egokian erabili izana", ezta "indarkeriaren beraren erabilera" ere.
Lamarcak txalotu egin du Herrizaingo Sailak "azkar" hasi izana ikerketa, baina "inpartziala" izan ote den zalantzan jarri du, eta gertatutakoa argitzeko nahikoa ez dela izan deitoratu du.
Halaber, auzia epaitegira iritsi zenean, Ertzaintzak ikerketa eten egin zuela salatu du Arartekoak. Horrenbestez, berriz ere abiatzea eskatu die agintariei.
Lamarcak gertatutakoa argitzen saiatzeko laguntza eman ez izana ere leporatu dio Herrizaingo Sailari, "ez baitu informazio nahikoa helarazi Arartekoak egindako galderak erantzuteko, eta, beraz, huts egin du bere betebehar legalaren aurrean".
XUBAN NAFARRETE
Martxoaren 29ko greba orokor egunean Ertzaintzaren pilotakada batek Gasteizen larri zauritutako Xuban Nafarreteren auziari dagokionez, Ertzaintzak ikerketa "hasi ere" egin ez zuela nabarmendu du Arartekoak.
Horregatik, auzi hori ere ikertzea eskatu dio. "Bi kasuetan, ikerketa zehatza, zorrotza eta inpartziala izan behar da, eta bi sendi kaltedunei informazio zorrotza eta zehatza eman beharko diete".
ARARTEKOAREN GOMENDIOAK
Arartekoak hainbat gomendio gaineratu ditu txostenean, berriz ere antzeko kasuak errepikatzea galarazteko.
Horren ildotik, gomazko pilotak erabiltzeko debekua Ertzaintzaren Brigada Mugikorrera eta Herritarren Segurtasuna Indartzeko Unitatera ere zabaltzea, lesioak eragin ditzaketen materialen erabilera mugatzea eta indarkeriaren erabileran "irizpide are murrizgarriagoak" ezartzea eskatu du.
Lamarcak istiluen kontrako materiala nork erabili duen ezagutzeko neurriak ere proposatu ditu, "banakako erantzukizunak argitzeko".
Mendiak erantzun dio ez duela "eskumenik"
Idoia Mendia Jaurlaritzaren jarduneko bozeramaileak Arartekoari erantzun dio eta Cabacasen heriotzaren inguruko ikerketa egiteko "eskumenik ez" duela esan dio. Era berean, Arartekoaren txostenak "kezkarik" ez diola eragin azpimarratu du.