Gizartea -
Hauteskundeak
EHUk errektorea hautatuko du, Goirizelaiaren hautagaitza bakarrarekin
Errektorea sufragio unibertsal bidez hautatuko dute, eta unibertsitateko komunitatea osatzen duten 51.643 pertsonek dute bozkatzeko aukera.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) kideek errektorea aukeratzeko hauteskundeetako bozketa egingo dute astearte honetan.
Errektorea sufragio unibertsal bidez hautatuko dute, eta unibertsitateko komunitatea osatzen duten 51.643 pertsonek dute bozkatzeko aukera, EHUk jakinarazi duenez.
Botoa emango dutenak bost taldetan banatuta daude: unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten 2.239 irakasle doktore; unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten 500 irakasle ez doktore; gainerako 2.779 irakasle eta ikertzaile; 44.241 ikasle; eta administrazio eta zerbitzuetako 1.884 langile.
Botoa haztatua da: irakasle doktore iraunkorrei %56,25 dagokie; irakasle iraunkor ez-doktoreei %7,50; gainerako irakasle eta ikertzaileei %2,09; ikasleei %22,08, eta, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileei %12,08
Hauteslekuak goizeko 9:00etatik arratsaldeko 18:00etara egongo dira irekita. Irakasleek eta ikasleek kasuan kasuko ikastegian eman behar dute botoa, eta irakasle iraunkor ez-doktore, gainerako irakasle eta ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileek dagokien campusean. Guztira 59 hauteskunde-mahai eratuko dira: bederatzi Araban, 29 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan. Kide batzuek dagoeneko botoa eman dute, bai aldez aurretik botoa emanda, bai boto elektronikoaren bidez.
Aurreikuspenen arabera, Jon Irazustak, Hauteskunde Batzordearen buru bezala, 20:30 aldera emango ditu errektorea aukeratzeko hauteskundeetako behin-behineko emaitzak Bilboko Bizkaia Aretoko Baroja aretoan egingo duen agerraldian.
Hautagai bakarra Iñaki Goirizelaia denez, aldeko botoa edo boto zuria besterik ezin izango da eman. Hautagai hori hautetsia izateko, nahikoa izango da emandako botoen herena lortzea, egin beharreko haztapenak eginda. Hauteskundeen behin betiko emaitza abenduaren 17an aldarrikatuko da, inpugnazioetarako epea behin amaitu ondoren.