Gizartea -
Hiesaren aurkako Eguna
Hiesaren prebentzioari eusten jarraitzeko eskatu dute zientzialariek
Euskadin 10.000 lagunek dute gaixotasun hau (urtero, 200 kasu berri). Honen prebentzioa eta gizartearen sentsibilizazioa dira etorkizunerako erronkak.
Erredakzioa
Gaur, abenduak 1, Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun, oraindik ere, bazterkeria soziala eragiten duen eta, ondorioz, gaixoak tratamendutik aldentzen dituen gaixotasuna da hiesa.
Euskadin 10.000 lagunek dute gaixotasun hau (urtero, 200 kasu berri), gehienak babesik gabeko harreman sexualak izan ostean kutsatuta. Halaber, homosexualenen artean ematen dira kasu gehienak.
Zientzialarien arabera, hiesari aurre egiteko funtsezko oinarria gizartearen sentsibilizazioa da. Kutsatuen kopuruak behera egin badu ere, osasun arloko agintariek diotenez, hiesa prebenitzeko ardurak erlaxatu egin dira. Izan ere, hiesak kutsatutako gehienek 40 urte inguru dituzte eta babesik gabe harreman sexualak izan ostean gaixotu dira.
30 urte igaro dira hiesa lehen aldiz diagnostikatu zutenetik eta hau artatzeko osasun tratamenduek aurrera egin dute. Izan ere, egun hiesa ez da heriotza halabeharrez eragiten duten gaixotasuna, bizitza osorako gaixotasun kronikoa baizik.
Zientziaren garapenak gaixoen bizitza luzatu eta hobetu ditu. Halaber, txertoa aurkitzeko ikerketak ere badaude. Gauzak horrela, arlo honetan koka dezakegu Begoña Apellaniz EHUko doktorearen tesia: hiesaren erregioak aztertu ditu, eta hori txertoa lortzeko abiapuntua izan daiteke.
Kutsatze kopuru gutxiago 2011an
Zifrek ikuspuntu bikoitza eskaini dute. Osasun Ministerioak eskainitako datuen arabera, 2011an 2.763 kasu berri eman ziren, 2010eko datuekin alderatuta, 144 kasu gutxiago. Hala ere, gizonezkoen arteko sexuari dagokionez, kutsatze kopuruak gora egin du eta, egun, kutsatze berrien erdia kolektibo honi dagokio.