Gizartea -
Soldatak
EHUk ordainsari 'osoa' ordainduko die langileei abenduan
Egungo errektoreak ez du argitu unibertsitateak Gabonetako ordainsaria ordainduko duen ala ez.
Erredakzioa
Iñaki Goirizelaia EHUko egungo errektoreak eta datorren astearteko hauteskundeetara aurkeztu den hautagai bakarrak ez du argitu unibertsitateak langileei Gabonetako ordainsaria ordainduko dien ala ez. Gaiaren harira, soilik esan du EHUk ordainsari “osoa” ordainduko diela langileei abenduan.
Iñaki Goirizelaiak ostiral honetan aurkeztu du datozen lau urteetarako bere hauteskunde programa unibertsitateko klaustroan.
Aurkezpen horretan, Gabonetako ordainsariaren harira sortu den zalapartaz hitz egin du, eta langileek abenduko ordainsari “osoa” jasoko dutela azpimarratu du. Hala ere, ez du azaldu hori lortzeko zer egingo duen.
Halaber, Rajoyren Gobernuak Gabonetako ordainsaria kentzeko erabakia kritikatu du, eta erabaki horrek sortutako kalteak arintzeko neurriak hartuko dituela adierazi du. “Hala ere, egoera oso zaila da irizpide juridikoak kontuan hartuta; izan ere, unibertsitateko langileek lan-kontratu ezberdinak dituzte”, gaineratu du.
Euskal Herriko Unibertsitateko langile gehienak Eusko Jaurlaritzako funtzionarioak dira, 2.500 irakasle salbu. Azken horiek, Espainiako Gobernuko langile publikoak dira, eta, beraz, ez dute ordainsaririk jasoko abenduan.
Goirizelaiaren hitzetan, administrazio ezberdinetako langileak izan arren, “erabakiak berdina izan behar du langile guztientzat”.