Gizartea -

Argazkien eta bideoen hedapena

Nola iritsi ahal izan ziren Deustuko ikasleen telefonoetara?

Panda enpresako adituek hiru hipotesi dituzte esku artean. Nolanahi ere, Deustuko Unibertsitateak gertaturikoan zerikusirik izatea baztertu dute.

Pedro Uria PandaLabeko aditua. Argazkia: EITB
Nola lapurtu ahal izan dituzte ikasleen argazkiak?

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo arratsaldean, sekulako zalaparta piztu zen Deustuko Unibertsitatearen inguruan; izan ere, hainbat pertsonak Deustuko Unibertsitateko ikasleenak omen ziren argazki eta bideo erotikoak zabaldu zituzten. Hala ere, ez dago baieztatuta eduki horiek Deustuko ikasleenak direnik.

Oraindik ez dago batere garbi zer gertatu den. Ertzaintzak baieztatu duenez, bi gazte bizkaitarrek salaketa aurkeztu dutebatek argazki pribatuak eta hainbat idatzi lapurtu eta publikatu dizkiotelakoan; eta, besteak ezezagun bat sakelako telefonoan ustez sartu zaiolako.

Hipotesiak

"Ganbara" Radio Euskadiko saioan Emilio Castellote Panda enpresako marketing zuzendaria elkarrizketatu dute. Aipaturiko enpresak kudeatzen du, hain justu, Deustuko Unibertsitateko wifi sarea.

Castellotek bi hipotesi ditu esku artean. Lehenengo hipotesiaren arabera, baliteke norbaitek programa bat instalatu izana doako wifi sare batean, erabiltzaileen pasahitzak lapurtzeko eta horien edukietara sarbidea izan ahal izateko.

Pandako adituak doako wifi sare horietara erregistratu gabe konektatzearen arriskuak aipatu ditu. Halaber, erabiltzaileak sarearekin bat egitea erabakitzen badu erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen duten tokietara ez sartzeko aholkatu du, sarea arriskutsua bada, datu horiek beste edonork erabiltzeko arriskua baitago.

Bigarren hipotesiaren arabera, WhatsApp aplikazioaren erabilera txarra izan liteke kausa.

Emilio Castellote Panda konpainiako marketing zuzendariak azaldu duenez, aplikazio horren bitartez elkartrukatzen diren argazkiak eraldatu egin daitezke, horien gainean klik egitean beste argazki bat zabaldu dadin. Horretarako, WhatsApp aplikazioak irudi hori programa informatiko batera bideratzen du. Horregatik, litekeena da programa horretan troiar bat sartu izana, eta erabiltzaileak argazkian klik egitean troiar hori telefonoan sartu izana.

Pedro Uria Panda Securityren baitan birusak ikertzen dituen laborategiko (Panda Labs) zuzendariak hirugarren aukera bat ere aipatu du. Aditu horren ustez, informazio lapurreta Bluetooth sareen bitartez gertatu ahal izan da. Aipaturiko teknologiak hainbat gailuren artean datuak transmititzea ahalbidetzen du, irrati uhinen bidez. “Hainbat pertsonak bluetootha aktibatuta izan ohi dute. Norbait gerturatu, konektatzeko eskatu, onartu eta beste gailu batera konektatzen bazara, informazio lapurreta gertatzeko arriskua dago”. Horregatik, euren gailuetan bluetooth teknologia itzaltzea aholkatzen die erabiltzaileei.

Nor ezkutatzen da horren atzean?Castellotek ez du uste, inolaz ere, Deustuko Unibertsitateak gaiarekin zerikusirik izan duenik: “Guk dakigula, ez da urraketarik izan bere azpiegituran”.

“Gaiztakeria” edo “txantxa” bat izan daitekeela uste du Emilio Castellotek; izan ere, litekeena da horren hitzetan informatika ezagutza handirik ez izatea.

Erabiltzaileentzako aholkuakZentzua erabiltzeko eskatu die Castellotek erabiltzaileei. Adituaren arabera, garrantzitsua da ezezagunengandik jasotzen ditugun edukiekin mesfidatia izatea. “Mota horretako informazioa jasotzen dugunean, ez irekitzea eta borratzea da onena”, gaineratu du. Bestalde, arreta eskatu du igorlea ezaguna denean ere: “Argazki bat irekitzean gure gailua kutsatu dezakegula jakin behar dugu”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea