Gizartea -
Dokumentazioa
Zer da 'sexting'a?
Irudi bat Internetera igotzen denean, erotikoa izan ala ez, pribatua izateari uzten dio eta publikoa bihurtzen da. Hor hasten dira arduradunen arazoak (legalak barne) eta biktimen infernua.
L.E.
Sakelako telefonoa edo Internet erabilita kutsu sexuala duen argazki edo bideo pertsonala sarean zabaltzeari esaten zaio 'sexting'a. Datuen arabera, 18 urtez beherako emakumezkoak dira 'sexting'ean gehien aritzen direnak. Argazkiez eta bideoez gain, eduki sexuala duten mezuak bidaltzeari ere 'sexting' esaten zaio. Fenomenoa gero eta ospetsuagoa da nerabeen artean.
Arazoa da gehienek ez dakitela 'sexting'aren arriskuez konturatzen. Bikotekideei, gogoko duten pertsonari, lagunei edota ezezagunei argazkiak eta bideoak bidaltzen dizkiete, hartzaileak jasotakoa Internetera igo dezakeela pentsatu gabe. Eta behin Internetera igota, milaka erabiltzailek irudiak ikustea galaraztea ezinezkoa da.
Argazkia edo bideoa sarean zabaltzen denean, irudiak lankideek, ikaskideek, lagunek eta ezezagunek ikusiko dute, eta irudietan agertzen den pertsona irainak, txantxak eta jazarpena jasateko arrisku bizian da. Hor hasten da, hain zuZen, biktimaren infernua; baina baita irudi horiek zabaldu dituen pertsonaren arazoak ere.
Ondorio judizialak
Beraz, 'sexting'a estortsioari oso lotuta dago, izan ere, irudietan argazki den pertsonari xantaia egiten zaio argazkiak edo bideoa zabaltzeko mehatxupean.
Ondorioz, 'sexting'ak ondorio judizialak izan ditzake, fenomenoak bultzatuta delituak egin daitezkeelako: intimitatearen kontrako delituak, sexu-askatasunaren kontrakoak eta haur-pornografiarekin lotutakoak.
Hala ere, delitu horiek ondorio ezberdinak dauzkate, herrialdearen eta kasuaren ezaugarrien arabera. Batzuetan, haur-pornografia ekoiztea, edukitzea eta zabaltzea dela esaten da, beste batzuetan, berriz, adingabeen korrupzioa...
Olvido Hormigosen kasua
'Sexting'aren inguruan azkenaldian izandako kasurik esanguratsuena Olvido Hormigos Toledoko zinegotzi sozialistarena izan da. Hormigosen bideo erotiko pertsonala Interneten zabaldu zen.
Zinegotziak bideoa 'WhatsApp' eta Toledoko foro baten bidez zabaltzen ari zela salatu zuen, foroan bere inguruko komentarioak egiten ari zirela gaineratuta. Toledoko futbolari bat inputatu zuten, Olvido Hormigosekin harremanak zituena.
Nazioartean ere kasu esanguratsuak izan dira. Floridako nerabe batena, esaterako. Mutilak bikotekide ohia biluzik agertzen zen argazkiak bidali zizkien neskaren lagunei eta senitartekoei. Azkenean, mutila haur-pornografia zabaltzeagatik zigortu zuten: bost urteko zaintzapeko askatasuna eta bere izena gaizkile sexualen zerrendan dago 43 urte betetzen dituen arte.
Nola saihestu daiteke 'sexting'a?
INTECO Komunikazio Teknologien Institutu Nazionalak 'sexting'a saihesteko gida atera du: Nerabeen eta 'sexting'aren gida: zer da eta nola saihestu. Gida horretan 'sexting'aren inguruko informazio guztia ematen du, arriskuak zeintzuk diren eta jarrera arriskutsuak antzemateko eta saihesteko gomendioekin batera.
Nerabeen kasuan, kontuan izan behar diren oinarrizko puntuak ondorengoak dira:
- Pribatutasunaren garrantzia azpimarratzea.
- 'Sexting'ak eta antzerakoek dauzkaten arriskuen inguruan hitz egitea, egoerak arrazoituta eta konfiantza osoz.
- Adi sakelako telefonoaren faktura handiak dituzten nerabeekin, horiek baitira 'sexting'ean aritzeko susmagarririk nagusienak.
- Etxeko ordenagailua familiakoek partekatzen duten lekuan jartzea, eta ez inoren logelan.
- Ordenagailuan kontrol sistemak jartzea, gurasoek edukiak ikusteko aukera izan dezaten.