Gizartea -

Ustezko argazki-lapurreta

Zer gertatu zen Deustuko Unibertsitatean?

Ikerlariek eta adituek bi hipotesi dituzte. Oraingoz, datu gutxi daude baieztatuta.

Nola lapurtu ahal izan dituzte ikasleen argazkiak?

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare sozialak pil-pilean daude atzotik, Deustuko Unibertsitateko ustezko argazki-lapurretaren ondorioz.

Atzo, hainbat ikasleri argazki erotiko pribatuak ostu eta ondoren sare sozialetan eta sakelako telefonoetan zabaldu zituztela salatu zuten hainbat erabiltzailek, eta Deustuko Unibertsitateko wifi sarea 'hackeatu' zutelako gertatu dela gaineratu zuten. Zentroak, baina, ukatu egin du bere sare pribatua 'hackeatu' izana.

Oraindik ez dago bat ere argi zer gertatu den, eta bi datu baino ez daude baieztatuta une honetan: hainbat pertsonak Deustuko Unibertsitateko ikasleak omen ziren gazteen argazki erotikoak zabaldu zituztela (ez dago baieztatuta hala denik), eta bi gaztek salaketa aurkeztu dutela Ertzaintzaren aurrean. Bat, argazki pribatu eta hainbat idatzi ostu eta publikatzeagatik; eta, bestea, norbait sakelako telefonoan sartu omen zitzaiolako.

Herrizaingo Sailaren esanetan, oraindik ez dago argi salaketa horiek Deustuko Unibertsitatearekin loturarik duten, baina, behintzat, "ikertzen hasteko" balioko dute.

Agintariek salaketa jartzeko gomendatu diete balizko kaltedunei, gertatutakoa argitu ahal izateko eta erantzukizunak zehazteko.

HIPOTESIAK

Prentsa ohar batean, Deustuko Unibertsitateak ukatu egin du norbaitek wifi sarea 'hackeatu' izana. Horrenbestez, argazki lapurreta benetakoa bada, ikasleek euren sakelako telefonoen segurtasuna bermatu ez dutelako jazo dela gaineratu du.

Lapurreta benetakoa izan bada, baina, ikerlariek eta adituek bi hipotesi dituzte esku artean.

Lehenengo hipotesiaren arabera, baliteke norbaitek programa bat instalatu izana doaneko wifi sare batean, erabiltzaileen pasa-hitzak ostu eta horren edukietara sarbidea izan ahal izateko.

Bigarrenaren arabera, WhatsApp aplikazioaren erabilera txarra izan liteke kausa.

Emilio Castellote Panda konpainiako Marketin zuzendariak azaldu duenez, aplikazio horrekin elkartrukatzen diren argazkiak eraldatu egiten dira horien gainean klik egitean. Hau da, klik egin eta gero beste argazki bat ager liteke. Horregatik, gerta liteke argazkian klik egitean 'troiar' bat duen argazki bat agertzea. 'Troiarra' zure telefonoan instalatzen bada, egileak sarbidea izan dezake.

Gertatu dena gertatu dela, Deustuko Unibertsitateak "laguntza" eskaini die balizko kaltedunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea