Gizartea -
Ertzaintzan
Argazkien lapurreta eta hedapenarekin lotutako salaketak jarri dituzte
Zehazki bi salaketa dira, eta Deustuko ikasleen argazkien ustezko hedapenarekin zerikusia duten aztertzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak.
Erredakzioa
Argazkien lapurreta eta hedapenarekin lotutako bi salaketa jaso ditu asteazken arratsaldean Ertzaintzak, eta Deustuko Unibertsitateko ikasleen argazkien ustezko hedapenarekin zerikusia duten aztertzeko ikerketa abiatu dute.
Zehazki bi gizonezkok jarri dute salaketa, batek bere irudi pertsonalaren hedapenagatik eta besteak bere sakelako telefonoan legez kanpo sartzeagatik, Herrizaingo Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Oraingoz Ertzaintzak ezin izan du baieztatu salaketok Deustuko ikasleen ustezko argazkien hedapenarekin zerikusia ote duten. Edonola ere, ''abiapuntua'' dira ikerketa abiatzeko, Ertzaintzak esan duenez.Arratsaldeko 19:00etan, Unibertsitateak berak ere bi salaketa horien berri eman du sare sozialetan. Aurretik Roberto San Salvador del Valle Deustuko Unibertsitateko Komunikazio errektoreordeak kazetariei azaldu dienez, ez dakite zenbat pertsona dauden kaltetuta, eta zenbat bideo edo argazki zabaldu diren kontrolik gabe. Kaltetu guztiei gertatutakoa Ertzaintzan salatzera deia egin die.
''Unibertsitateko wifiak ez du kale egin''
Deustuko Unibertsitateak ohar ofizial baten bidez argitu duenez, ''ez dago inolako zantzurik esateko Deustuko Unibertsitateko wifiak bertara konektatutako gailu elektroniko, telefono edoordenagailuetako informaziorako sarbiderik eman duenik''.
Egunean zehar, Deustuko Unibertsitateko zenbait ikasleren argazki eta bideo pertsonalak ustez sarean zabaldu direla jakinarazi dute hainbat lagunek, eta, informazio horren aurrean, Unibertsitateak ohar ofizial bat igorri du, egoeraren berri emanaz.
Bertan azaldu duenez, ''norbaitek dispositibo elektroniko batean, telefono batean edo ordenagailu batean gordetako informazioa eskuratu baldin badu, gailu horren jabeak segurtasun neurri egokiak hartu ez dituelako izan da''.
Halaber, oharra idatzi duten unean, atxiloketarik egin ez dela argitu dute, Ertzaintzarekin harremanetan.
Ildo horretan, ''dagokion salaketa'' jartzera deitu dituzte kaltetutako ikasleak, eta lan horretan ''Unibertsitatearen laguntza'' izango dutela aurreratu dute.