Gizartea -
Tragedia Barakaldon
Kaleratzeek eragindako heriotzak
Doneztebengo (Nafarroa) suizidioa etxegabetzeen bidageberiak eragindako azkena izan da.
I.G.
Kaleratzeak areagotuz doaz krisialdia gordintzen den heinean eta, azken honekin, gutxienez lau dira etxegabetzeekin zuzenean lotuta dauden heriotzak.
Urriaren 25ean, gizonezko batek -53 urte zituen horrek ere- bere buruaz beste egin zuen La Chanan, Granadan, etxebizitzatik kaleratzera zihoazela. Gertakari horrek zeharo hunkitu zuen gizartea.
Egun bat geroago, beste gizonezko batek bere etxebizitzako balkoitik behera salto egin zuen Burjassoten, Valentzian. Batzorde judizial batek etxea kendu behar zion.
Apirilean, emakume bat bere buruaz beste egiten saiatu zen Donostian, bere etxearen desjabetzea gertatu behar zen unean. Amarako etxe bateko maizterra kaleratzera joandako notario eta abokatuak konortea galduta aurkitu zuten. Emakumeak ohar bat utzi zuen, etxegabetuz gero bere buruaz beste egingo zuela esaten zuen oharran, eta ondoren pilula ugari hartu zituen.
Hilaren 9an, 53 urteko emakumezko batek, Amaia Egañak, bere buruaz beste egin zuen Barakaldon, etxegabetu behar zutenean. Auziak hunkitu egin zuen gizartea, eta hautsak harrotu zituen politikagintzan.
Hilaren 28 honetan, etxea galduko zuen beste pertsona batek ere bere burua hil du Donezteben (Nafarroa).
Kasu horiei hilaren 16an jazotako beste bat gaineratu behar zaie: Gizon batek bere buruaz beste egin zuen Kordoban, etxea botako zuten unean. Kasu horretan, baina, etxegabetze eskaera ez zuen banku batek aurkeztu, baizik eta horren sendiak, etxeko alokairua ordaintzen ez zuelako.