Etxegabetzeak -
Tragedia Nafarroan
Etxetik kaleratu behar zuten lagun bat suizidatu da Donezteben
Gertakaria Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak baieztatu du.
Erredakzioa
Etxetik kaleratzeko auzibidean zegoen gizonezko batek bere buruaz beste egin du Donezteben, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez. Biktimak 59 urte zituen.
EFE albiste-agentziak iturri judizialak aipatuta zabaldu duenez, bikotekidearekin alokairuan bizi zen eta 4.200 euroko zorra zeukan. Ordainketak ez egitea leporatuta, epaileak desjabetzeko agindua emana zuen eta gaurtik aurrera edozein unetan kaleratu zezaketen, arestian aipatutako iturrien arabera.
Bestalde, Foruzaingoak gertakaria ikertzeko ardura hartu du, baina oraingoz ez du xehetasun gehiagorik eman.
Jose Antonio Sanchez Villaresek baieztatu du berria, Nafarroako fiskalburu kargua hartzeko ekitaldian. Biktimaren senitartekoei elkartasuna adierazi die epaileak, baina heriotza ezin zaiola "justizia administrazioari" leporatu zehaztu du.
Ez zuen bitartekotza-zerbitzua eskatu
Exegabetze prozesuan zegoen arren, 59 urteko gizonezkoak ez zuen bitartekotza-zerbitzura laguntzarik eskatu. Nafarroako Gobernuak etxebizitza ordaintzeko zailtasunak dituztenei eskainitako zerbitzua da.
Nafarroako Gobernuak berretsi duenez ez zuten Doneztebeko bizilagun honi laguntzeko txostenik ireki.
Manifestazio batek etxegabetzeak geldiaraztea eskatu du, Iruñean
Manifestazio batek etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatu, eta etxegabetzeak geldiaraztea eskatu du, Donezteben izan den gertaera trafikoaren ostean.
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuek egin dute deialdia, beste elkarte sozial batzuekin batera. "Etxegabetzeen eta murrizketa sozialen aurka. Etxebizitza duin bat izateko eskubideagfatik" lelopean izan da. Ikurrinak eta Nafarroa bandera ikusi ahal izan dira martxan.
Adierazpen batean azaldu dutenez, etxebizitzen gaiari dagokionez dagoen arazorik larriena, etxegabetzeak geroz eta gehiago direla da, ondorioz, "hainbat pertsona eta familiek euren etxeak bankuen esku utzi behar dituzte".
Etxegabetuak etsita daude, etxebizitza galtzeaz gain, bankuarekin zor handia dutelako, interes handiak eta finantza erakundeek ez ordaintzeagatik jartzen dituzte baldintza gogorrak direla eta, testuan irakur daitekeneez.
Botere publikoek "etxebizitzekin negozioa egin dutenei ekarri die onura, eraikitzaileen eta bankuen interesen alde egin dute" eta etxebizitza bat izateko eskubidea "horien eskuetan dagoen ondasun espekulatiboa eta herritar gehienentzat luxu bat" bilakatu dute.