Gizartea -
Kongresu espezializatua
Hiesak kutsatutakoen % 30ek ez dakite gaitza dutela
Gaixo daudela ez dakitenek urtero kutsatzen diren guztien % 70 kutsatzen dituzte, 3.000 inguru urtean.
Erredakzioa
Datu hori nabarmendu du Pere Domingo medikuak eta GeSIDa hiesaren ikerketarako elkartearen presidenteak, gaurtik ostiralera Toledon hiesari buruz egingo duten kongresuaren aurkezpenean.
Kongresu horretan parte hartuko duten adituen aburuz, lehen mailako arreta zerbitzuetan eta ospitaleetan dauden aukera guztiak erabili behar dira diagnosi goiztiarra egiteko.
Diagnosia goiz ez egiteak kalte egiten die gaixoei, eta horien % 15 gaixotasunaren lehen fasean behar zuten tratamendua ez jasotzeagatik hil egiten direla azaldu dute. Osasun zerbitzuak 11.000 euro gastatzen du urtean paziente bakoitzeko.
Hiesari aurre egiteko beste erronketako bat hezkuntzaren eta informazioaren bitartez prebentzioa areagotzea da. Gaur egun, hiesaren tratamenduan egin diren aurrerapenei esker, kutsatutako pertsonek bizitza normala egin ahal dute, baina "hobe da aurre egin behar ez izatea, bizitza guztirako baita".
Batik bat, sexu-harremanen bidez kutsatzen da hiesa (kasuen % 90), batez ere, gizonezkoen arteko sexu-harremanetan.