Etxegabetzeak -

Lehen ekimen parlamentarioa

Etxetik kaleratu dituztenei etxea itzultzeko eskatu du EH Bilduk

Etxegabetzeak gelditzeko ere eskatu du koalizio abertzaleak. Helburu horiek lortzeko, legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean.

Dani Maeztu eta Marian Beitialarrangoitia. Argazkia: EH Bildu
Dani Maeztu eta Marian Beitialarrangoitia. Argazkia: EH Bildu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean etxegabetzeak gelditzeko. Ekimen horren helburuak bi dira: etxegabetzeak geldiaraztea, batetik, eta dagoeneko etxea galdu dutenei hura itzultzea, bestetik.

Dani Maeztu eta Maria Beitialarrangoitia legebiltzarkideek kazetarien aurrean hitz egin dute legegintzaldi berri honetako lehen ekimen parlamentarioa aurkezteko. EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, eta, horren bitartez, etxegabetzeak geldiaratzeko, Espainiako Gobernuari legedia aldatzea, eta Eusko Jaurlaritzari neurri zehatzak hartzeko eskatu die.

Zehazki esanda, Eusko Jaurlaritzari banku zein kutxekin hitzarmen bat sinatzea eskatu dio, “ahal bada Kutxabankekin”, etxegabetzeak “berehala” eteteko eta etxea galdu dutenek lehenbailehen berreskura dezaten.

Halaber, hipoteka betearazpena martxan jarri aurretik, jabeek ordaindu ezin dituzten etxebizitzak erakunde publikoen esku uzteko eskatu die EH Bilduk finantza erakundeei, erakunde publikoek etxebizitza horiek alokairuan jar ditzaten.

Horrekin, arriskuan daudenak etxetik ez kaleratzea lortu nahi dute. Hala, alokairu sozial bat ordainduko dute etxearen truke, eta alokairua ez da inoiz irabazien % 15 baino handiagoa izango.

Egonkortasun ekonomikoa lorturikoan hasiko lirateke familiak berriro hipoteka ordaintzen.

Horrez gain, EH Bilduk proposatu egin du Jaurlaritzak harremanak etetea hitzarmen hori sinatzen ez duten finantza entitateekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea