Gizartea -
Protesta
Zararen arropetan produktu toxikoen erabilera salatu du Greenpeacek
Zarak Madrilgo Princesa kalean duen dendako aurrealdean eskegi eta pankarta zabaldu dute hainbat aktibistak. Greenpeaceren arabera, arropa marka gehiagok erabiltzen dituzte substantziok
Erredakzioa
Zarako arropetan ''produktu kimiko toxikoak'' erabiltzen dituztela salatzeko protesta egin du Greenpeacek asteazken honetan Madrilen. Zara etxeak Madrilgo Princesa kalean duen dendako aurrealdean bere burua eskegi eta pankarta bat zabaldu dute hainbat aktibistak. ''Zara: Bat egin toxikorik gabeko modarekin'' irakur zitekeen pankartan. Halaber, maniki gisa mozorrotuta, denda aurrean protesta egin dute beste lau lagunek.
Atzo bertan ''Puntada toxikoak'' izeneko txostena kaleratu zuen Greenpeacek. Txosten horretan jasotzen denez, talde ekologistak 20 markako 140 arropa pieza baino gehiago aztertu ditu, eta horien artean Inditex etxeko jantziak.
Levi's, Mango, Calvin Klein, Diesel, H&M eta Metersbonwe markak ere aztertu dituzte, eta arropetan nonilfenol etoxilato izeneko substantzia aurkitu dute. Europar Batasunean debekatuta dagoela salatu du Greenpeacek.
Ura kutsatzen du
Talde ekologistaren arabera, ''urera isuri ondoren, hormona sistemaren eraldaketa eta, zenbait kasutan, minbizia ere eragin ditzakeen beste substantzia bat bihurtzen dira aurkitutako substantzia kimikoak''. Hala, ''ura kutsatzen laguntzen du Zarak, bai arropa ekoizten duen herrialdeetan zein arropa hori salgai dagoen herrialdeetan''.
"Garrantzitsua da enpresa hauek arazo larri hau aitortzea, eta berau konpontzeko berehalako irtenbideak aurkitzea. Moda ezin da hain garestia izan gure planetarentzat'', esan du Greenpeaceko kanpaina arduradunak.
Konpromisoak
2011tik, zazpi enpresak egin dute bat Greenpeacek planteatutako konpromisoekin, tartean Nike, Adidas, Puma y Lining, C&A eta Mark & Spencer marka ezagunek.