Gizartea -
Hauteskundeak EHU-n
EHUk bozka elektronikoa jarri du martxan errektore berria aukeratzeko
Sistema elektronikoarekin, Internetera konektatuta dagoen edozein ordenagailutik bozkatu ahal izango da. Botua emateko epea gaur hasi eta azaroaren 28ra arte luzatuko da.
Erredakzioa
UPV/EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeetan lehen aldiz, unibertsitateko kideek sistema elektroniko baten bidez eman ahal izango dute beren bozka. Boto elektronikoa emateko epea gaur hasi eta azaroaren 28ra arte luzatuko da. Indarrean jarraituko dute, era berean, botua emateko lehendik zeuden beste bide biak: botoa aldez aurretik emateko aukera eta abenduaren 4an boto kutxan bozkatzeko aukera.
Boto elektronikoa Unibertsitateko Klaustrorako eta lau ikastegitako batzarretarako hauteskundeetan erabili ahal izan zen 2011. urtean. Hala ere, hau izango da unibertsitateko kide guztiek sistema berria erabili ahal izango duten lehen aldia.
Sistema elektronikoarekin, Internetera konektatuta dagoen edozein ordenagailutik bozkatu ahal izango da. boto sekretua bermatzen duen enkriptazio sistema baten bidez. Sistemaren eraginkortasuna frogatuta geratu da unibertsitateko beste hauteskunde batzuetan eta munduko hainbat herrialdetako hauteskunde politikoetan erabiltzen den berbera da. Zehazki, Estatu Batuetan sei hauteskunde barrutietan sistema hori erabili da presidentea aukeratzeko bukatu berri diren hauteskundeetan.
Hautagai bakarra
Iñaki Goirizelaia, egungo errektorea, hautagai bakarra denez, aldeko botoa edo boto zuria besterik ezin izango da eman. Hautetsia izateko, nahikoa izango da emandako botoen herena lortzea, egin beharreko haztapenak eginda. Hauteskundeen behin betiko emaitzak abenduaren 17an aldarrikatuko dira, inpugnazioetarako epea behin amaitu ongoren.