Etxegabetzeak -
Ordezkaritza Kutxan
Permach: 'EAJ, PP eta PSEren ereduak etxegabetze gehiago ekarriko du'
Ezker abertzaleko kidearen esanetan, EH Bildu eredu ezberdin baten alde dago, eta Kutxabankek 'etxegabetze guztiak betiko geldiarazi behar ditu'.
Erredakzioa
Asteazkenean bozkatuko dute Kutxako Administrazio Kontseilu berria, eta horren harira, EAJ, PSE eta PP alderdiek aurkeztutako hautagaitza ez bozkatzeko eskatu die Joseba Permachek CCOO eta Pixkanaka sindikatuei. Ezker abertzaleko kidearen ustez, alderdi horien ereduak “politika neoliberala sendotzea, etxegabetzeak areagotzea, pribatizazioen amaitzea, eta funtzio soziala desagertzea ekarriko du”.
Kutxako administrazio kontseiluan Bilduk gehiengoa lortzea ekiditeko Kutxabanken "iruzurra" prestatzen ari direla salatu du Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiak. Horren ustez, helburu hori lortzeko aurkeztu dute EAJ, PSE eta PP alderdiek hautagaitza bateratua, eta horregatik, baliogabetu du Kutxako zuzendaritzak eragile sozialen zerrenda.
PNV, PSE eta PPk osatutako blokeak 7 ordezkari ditu, eta EH Bilduk ere 7 lituzke eragileen botoa kontutan hartuta. Eragileen zerrenda, ordea, bertan behera utzi du zuzendaritzak, hautagai nagusiaren ordezkoak 70 urte baino gehiago dituelako. Joseba Permachek aurreratu duenez, EH Bildu epaitegietara jotzea aztertzen ari da.
Eragileen hautagaitza baliogabetzeak gehiengoa emango lioke EAJri, eta horrek EAJren ereduak politika neoliberala indartzea ekarriko luke, Joseba Permachen iritziz.
EH Bilduren eredua ezberdina dela iritzi dio ezker abertzaleko kideak, eta Kutxabankek “etxegabetze guztiak betiko geldiarazi behar ditu”.