Gizartea -
Epaiketa
Prestigeko kapitainak deposituaren korrosioa antzeman zuela aitortu du
Apostolos Mangourasek adina jarri du aitzakiatzat epaiketan zeuden abokatu guztiei ez erantzuteko. Fiskaltzaren, Estatuko Abokatutzaren eta defentsaren galderei erantzungo die soilik.
Erredakzioa
Apostolos Mangouras Prestige petrolio-ontziko kapitainak epaiketan aitortu duenez, deposituaren korrosioa antzeman zuen, istripuaren aurretik. Hala ere, haustura egon izana ukatu du.
Astearte honetan ekin diote berriz ere Prestige kasuko epaiketari, eta Apostolos Mangouras kapitainak Fiskaltzaren galderei erantzun die. Hiru alditan egon zen ontziaren gidaritzapean, azpimarratu duenez, ez da gai deposituen korrosio maila zenbatekoa zen antzemateko.
Halaber, ontziaren azterketetan parte hartu izana ukatu du: “Ez zuten zerikusirik nirekin”. Azterketa horietakoren batean ikuskatzaileak deposituak begiratu ez zituela galdetuta adierazi du “ikusteko asmoa zuela”, baina ez ziotela horiek husteko eskatu horretarako.
Bestalde, ukatu egin du petrolio-ontziak hamaika portutan lan egiteko debekuaren berri zuenik, horien artean, AEB, Kuba, Libano, Finlandia edota Danimarka. “Nire zerbitzuaren garaian ez ginen herrialde horietan geratu”, gaineratu du.
Adina, galderei ez erantzuteko aitzakia
Apostolos Mangouras ‘Prestige’ petrolio-ontziko kapitainak ez die erantzungo itsas hondamendiaren epaiketan parte hartuko duten abokatu guztiei, Jose Maria Ruiz Soroa haren abokatuak jakinarazi duenez. Kapitainak adina (77 urte) jarri du aitzakiatzat, galdera guztiei ez erantzuteko.
Apostolos Mangouras kapitainak Fiskaltzaren, Estatuko Abokatutzaren eta defentsaren galderei erantzungo die soilik, haren abokatuaren arabera.
Halaber, epaiketan ardura zibila leporatuta parte hartzen ari diren erakundeen abokatuen galderei erantzungo die, hala nola London Steam-Ship Owners Mutual Insurance Association Limited aseguru-etxea eta Hidrokarburoek Eragindako Kalteen Sarien Funtsa (FIDAC).