Gizartea -
Webgunean
Osakidetzak 'osasun karpeta' zerbitzua martxan jarri du
Gaixoaren osasunari buruzko informazio guztia webgunean eskuragarri izatea da proiektuaren helburua.
Erredakzioa
Osakidetzak "osasun karpeta" zerbitzua abiatu du, gaixoei internet bidez, euren osasunaren inguruko informazio guztia eskuragarri izatea ahalbidetuko dien tresna. Rafael Bengoa Osasun sailburuak aurkeztu du, legegintzaldi honetan martxan jarritako kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategiaren barne.
Osakidetzako webgunetik sartu ahal izango da "osasun karpetara" (mugikorraren bitartez ere bai) edo micarpetadesalud.osakidetza.net ataritik.
NAN elektronikoaren bitartez edo osasun txartel berriarekin erabili ahal izango da eta erietxean eskatu beharko den pasahitzarekin segurtasuna bermatzen dela azaldu dute. Gaixo bakoitzak bere karpeta ikusi ahal izango du eta une honetan, erradiologiari, patologia-anatomikoari eta lehen mailako arretari dagokion informazioa dago eskuragarri. Baita, tratamendu farmakologikoak, alergiak eta mediku hitzorduak ere.
Datu horiek gaixoaren osasun informazioaren % 60 direla azaldu dute, baina datorren urterako % 100era iristea espero dute eta beste osasun etxeetako informazioa ere sartzea aurreikusten dute (pribatua eta publikoa).
Tresna horren bidez, "edozein unetan edozein tokitan zaudela", historialaren eta tratamendu farmakologikoaren berri jaso ahalko dela goraipatu dute.