Gizartea -
Ekimen berria
Hipoteka-betearazpenak bertan behera utzi ditu Kutxabankek
Finantza-erakunde honen erabakiak lehen etxebizitzen hipotekei bakarrik eragingo die. Bestalde, "etxegabetze traumatikorik" egin ez dituela azpimarratu du Euskadiko Kutxak.
Erredakzioa
Kutxabankek larunbat honetan iragarri duenez, "hipoteka-betearazpenak berehala baina aldi baterako bertan behera utziko ditugu, araudi berriak hauen gainean izango duen eragina ezagutu arte".
Mario Fernandez buru den finantza-erakundeak berria jakitera eman du ohar baten bidez. Horrela, Kutxabankek "instrukzioak eman ditu hipoteka-betearazpen guztiak baliogabetzeko, behintzat araudi berriaren nondik norakoak ezagutu arte".
Kutxabankek argitu duenez, presidenteak hartutako erabakiak lehen etxebizitzaren gaineko hipotekei eragingo die. "Kutxabankeko ekimena da", argitu dute finantza-erakunde honetako iturriek.
Euskadiko Kutxa: Etxegabetzeak saihesteko protokoloa
Bestalde, "etxegabetze traumatikorik" egin ez dituela azpimarratu du Euskadiko Kutxak ohar baten bidez, eta "duela hainbat urte etxegabetzeak ekiditeko bitartekaritza barne protokolo bat" erabiltzen duela adierazi du.
Horrela, zorra ordaindu ez dutenen familien egoeretan "akordioan oinarritutako prozesuak" abiatzen ditu finantza-erakunde honek, "diruaren itzulera egiteko epeak luzatuz edo hipoteka-betearazpena ez egiteko gainontzeko aukerak aurkeztuz". "Zorra kitatzeko azken aukera etxea bankuari ematea da", azpimarratu du Euskadiko Kutxak.
Suizidioa Barakaldon
Ostiral honetan Barakaldon etxegabetu behar zuten emakume batek bere buruaz beste egin ostean heldu da Kutxabankeko ekimena. Amaia Egaña, 53 urtekoa, bere burua leihotik behera bota zuen. Herrizaingo Sailak azaldu zuenez, Barakaldoko emakumea aulki batera igo zen, eta ondoren salto egin zuen laugarren solairutik. Tragedia 09:20an jazo zen, Barakaldoko Labe Garaiak etorbidean.
Urriaren 25ean, gizonezko batek bere buruaz beste egin zuen Granadan, etxebizitzatik kaleratzera zihoazela.
Egun bat geroago, beste gizonezko batek bere etxebizitzako balkoitik behera salto egin zuen Valentzian. Batzorde judizial batek etxea kendu behar zion.
Apirilean, emakume bat bere buruaz beste egiten saiatu zen Donostian, bere etxearen desjabetzea gertatu behar zen unean. Kaleratzera joandako notario eta abokatuak konortea galduta aurkitu zuten. Emakumeak ohar bat utzi zuen, etxegabetuz gero bere buruaz beste egingo zuela esaten zuen oharran, eta ondoren pilula ugari hartu zituen.
Bankuen aurkako pintadak
Halaber, Amaia Egañaren heriotza "zigorrik gabe ez geratzea" eskatu du Bizkaiko Stop Kaleratzeak erakundeak. Horrez gain, Amaiaren oroimenez borrokan jarraitzeko eskatu diete herritarrei.
Larunbat goizean pintadak agertu dira EAEko zenbait bankuko bulegotan, gaztelaniaz eta euskaraz, bankuei "hiltzaileak" esanda, Amaiaren hilketa eragitea egotzita. Halaber, etxegabetze gehiago ez egiteko eskatu dute.