Gizartea -
Tragedia Barakaldon
Etxegabetu behar zuten emakume batek bere burua hil du, Barakaldon
Emakumeak (53 urtekoa) salto egin du 4. solairutik.
Erredakzioa
Etxegabetu behar zuten 53 urteko emakumezko batek bere buruaz beste egin du gaur goizean Barakaldon. Amaia Egaña zuen izena, eta etxegabetzeen bidegabekeriak eragindako bigarren heriotza da.
Bi astean, bi pertsonak bere buruaz beste egin dute Estatuan, eta gutxienez beste bi saiatu egin dira, etxegabetzeen dramak konponbide politiko barik jarraitzen duen bitartean.
Herrizaingo Sailetik azaldu dutenez, Barakaldoko emakumea aulki batera igo da, eta ondoren salto egin du laugarren solairutik. Tragedia 09:20an jazo da, Labe Garaiak etorbidean.
Osasun-langileak suspertzen saiatu dira, baina emakumea hil egin da 15 minuturen ostean. Gorpua Auzitegi Mendikuntzako Institutura eraman dute.
Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea eta hainbat zinegotzi ezbeharra izan den lekura joan dira. Biktima zinegotzi sozialista izan zen Eibarren eta Jose Manuel Asensio zinegotzi sozialista ohiaren emaztea zen. Bikoteak 21 urteko seme bat dauka.
Amaiaren auzokideek atsekabea agertu dute, eta emakumezkoaren arazoaren berririk ez zutela esan dute.
"Hunkituta gaude, oso txarto. [Senar-emazteak] hezibide onekoak ziren. Ez genekien arazorik zutenik", esan du auzokide batek.
Juan Carlos Mediavilla Barakaldoko Epaitegiko epailea bertaratu da, gorpua eramatea agintzeko, eta ondoren adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean.
Epaileak legea aldatzea eskatu die agintariei: "ezin gara egoera honetara iritsi". "Hausnarketa egin beharko genuke gertakari honen inguruan, eta, premiaz, [politikariek] legea aldatu egin beharko lukete, epaileek egoera hauei hobeto heltzeko".
MOBILIZAZIOAK
Barakaldoko zenbait kolektibok eta sindikatuk, Kaleratzeak Stop elkartzearekin batera, manifestazio bat deitu dute gaur arratsalderako Amaia Egañari elkartasuna adierazteko. Martxa Barakaldoko Justizia Jauregitik abiatuko da, 19:30ean.
Halaber, Kaleratzeak Stop elkarteak elkarretaratzea deitu du 21:00etarako, biktimaren etxebizitzaren aurrean, "finantza terrorismoaren aurka".
Marta Uriarte elkarte horretako burua lur jota agertu da Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean, eta protestarekin bat egiteko deia egin die herritarrei.
Uriartek azaldu duenez, emakumezkoak laguntza eskatu zien atzo, baina ez zien esan gaur etxegabetu behar zutela: "Antza denez, laguntza eske deitu zigun atzo, baina ez zigun esan gaur etxegabetuko zutela. Bilerak egiten ditugun lekuan eskatu omen zuen laguntza, eta gaur asanbleara etortzekoa ei zen. Lur jota gaude".
ERREAKZIOAK
Barakaldoko suizidioaren berri izan eta gero, Espainiako Gobernuak premiazko bilera deitu du Presidentzia eta Ekonomia ministerioetako ordezkarien artean, sektore ahulenetan etxegabetzeak galarazten saiatzeko proposamen bat prestatzeko.
Euskadin, Eusko Jaurlaritzak etxegabetzeen aurkako "moratoriak" eskatu ditu, Espainiako Gorteek neurri berriak abiatu arte.
ZORTZI ETXEGABETZE EGUNERO EUSKADIN
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren azken datuen arabera, gutxienez zortzi pertsona etxegabetzen dituzte egunero Euskadin.
Krisi ekonomikoa hasi zenetik, hau da, 2008ko uztailetik, epaitegiek 247.188 etxegabetze agindu dituzte Estatuan, CGPJren datuen arabera. Dena dela, Hipoteken Kaltedunen Plataformaren arabera, zifra askoz handiagoa da: 400.000 baino gehiago.
Atzo, Juliane Kokott Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatuak gogor salatu zuen etxegabetzeei buruz Espainiak duen legedia, kontsumitzailea babes gabe uzten baitu.