Gizartea -
Barakaldo
Amaia Egaña, etxegabetzeen beste biktima bat
53 urteko emakumea PSE-EEren zinegotzi izan zen Eibarren eta Barakaldoko zinegotzi ohi batekin zegoen ezkonduta. Osasun-zerbitzuek senarra artatu behar izan dute gertakariaren berri eman diotenean.
Erredakzioa
Etxegaberatu behar zutelako bere buruaz beste egin duen Barakaldoko emakumea Amaia Egaña zen, 53 urte zituen eta seme bat zuen, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jakitera eman duenez.
Egaña pertsona ezaguna zen, izan ere, PSE-EEren zinegotzia izan zen Eibarren eta Jose Manuel Asensio Barakaldoko zinegotzi sozialista ohiaren emaztea zelako. Osasun-zerbitzuek Asensio artatu behar izan dute gertakariaren berri izan duenean.
Biktimaren bizilagun batek azaldu duenez, inguruan ez zekiten familia egoera larrian zegoenik. "Atsekabetuta gaude, oso gaizki. Jende zuzena eta adeitsua zen. Kalean ez genekien arazorik zutenik", adierazi du Egañaren bizilagunak.
Hori horrela, bizilagunak etxegabetzeek eta hipotekek sortzen dituzten arazoak gelditzeko deia egin die erakundeei: "Gaur hemen gertatu da, baina bihar beste nonbait izango da. Gobernuak neurriak hartu behar ditu. Honek ezin du berdin jarraitu".
Biktimaren bizilagunak izan dira, hain zuzen ere, Ertzaintzari gertakariaren berri eman diotenak, hainbat deiren bitartez.
Emakumea aulki batean lotu da eta laugarren solairuko leihotik bota du bere burua, eta bertan hil da segituan.
Marta Uriarte Stop Desahucios elkarteko bozeramaileak jakinarazi duenez, biktimak laguntza eskatu zion elkarteari, baina ez zien esan etxegabetzea berehala gertatu behar zela.
Beste alde batetik, arrazoi berdinagatik bere buruaz beste egin duen bigarren pertsona da azken 15 egunetan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du hipoteken bitartekaritzarako zerbitzuaren balantzea. Zerbitzu horren helburua etxegabetzeak saihestea da.