Gizartea -

Onartutakoaren bikoitza

Madrid Arenan 20.000 sarrera saldu ziren, langile baten arabera

“Behar baino sarrera gehiago saldu ziren frogak ditut”, azaldu du antolakuntzako langile batek.

Madril Halloween
Antolatzaileen arabera Madrilen gertatutakoa 'salbuespena' da

02:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pixkanaka argituz doa Madrid Arenan, Halloween festan, ostegunean izandako tragedia. Antolakuntzako langile batek esan duenez, 20.000 sarrera inguru saldu ziren, Antena 3 kateko Espejo Publiko saioak jaso duenez.

Lekukoaren hitzetan, "nik badakit saldu ziren sarrera kopurua. Madrileko alkate ordeak esan bezala, 9.560 sarrera saldu ziren, baina Internet bidez. Ekitaldi hauetarako harreman publikoetarako jendea erabiltzen dute. Ezagunenetako batek gau horretan 6.000 sarrera saldu zituen. Horrez gain, DJak 1.000 sarrera gehiago eskatu zituen eta 3.000 sarrera gehiago gainerako harreman publikoei lotu behar zaizkie".

"Behar baino sarrera gehiago saldu ziren frogak ditut", azaldu du. "Hau ez da ezusteko bat izan Madrileko kaleetan gauez ibiltzen garenontzat, oso ohituta gaude edukiera pasatzen duen unetara".

Antolakuntzako kideak honako hitz hauekin azaldu du gertakizunak bizitu zituen modua: "Gau horretan bezala inoiz ez dut ikusi Madrid Arena. Ez genekien zer egin hainbeste pertsona sartzen ari zirenean. Mundua gainera erori zitzaigun".

Adierazpen kontraesankorrak

Halloween gaueko jai dibertigarria izan behar zuena tragedia bihurtu zen atzo Madrilen: 18 urteko hiru neskato hil egin ziren, eta beste bi gaztek (tartean adingabe bat) zauri kritikoak izan zituzten, jende-olde batek harrapatuta.

Datu horietatik aurrera, ez dago oso argi zehazki zer gertatu zen. Izan ere, lekukoen testigantzak eta agintarien bertsio ofiziala kontraesankorrak dira.

Miguel Angel Villanueva Madrilgo alkateordearen esanetan, Udalaren enpresa batek alokatu zuen Madrid Arena pabiloia, segurtasun neurriak bete egiten ziren, eta antolatzaileek 9.650 sarrera saldu zituztela esan zieten (baimendutako edukiera 10.600 pertsonakoa omen zen).

Halaber, adingabeek jaian sartzea debekatuta zutela, eta, beraz, pabiloian adingaberik ez zegoela esan du.

Dena dela, frogatuta dago azken datu hori ez dela egia, larri zaurituetako bat 17 urteko neskato bat baita.

Lekukoen esanetan, gainera, sarreran ez zegoen inolako kontrolik, eta segurtasun agenteek ez zuten nortasun agiria eskatzen.

Pabiloian baimendutakoa baino jende gehiago zegoela ere salatu dute. "22.000 pertsona baino gehiago zeuden, lotsagarria!", esan du erabiltzaile batek, Twitterren. Horren testigantzarekin batera, zentroa lepo zegoela erakusten duen argazki bat gaineratu du.

Beste txio batean, pabiloian baimendutakoa baino 7.400 pertsona gehiago zeudela esan du beste pertsona batek.

Ezbeharra jazo eta gero, Polizia lekua husten hasi zela ere ukatu egin dute: "Musika bost minutuz baino ez zuten eten, eta ondoren festak aurrera egin zuen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea