Gizartea -
Epaiketa
Akusatuen aulkian politikaririk ez egotea salatu du Greenpeacek
Astearte honetan hasiko dira Prestige petrolio-ontziaren hondoratzea epaitzen. Lau pertsona baino ez dituzte auzipetu.
Erredakzioa
Astearte honetan hasiko da Prestige petrolio-ontziaren hondoratzearen epaiketa, baina akusatuen aulkian ez dela politikaririk izango salatu du Greenpeace GKEk. Tragedia jazo eta 10 urtera, "bihar bertan" antzeko beste hondamendi bat gerta daitekeela ohartarazi dute.
Orotara lau pertsona baino ez daude auzipetuta: Apostolos Mangouras kapitaina, Nikolaos Argyropoulos makina-saileko burua, Ireneo Maloto lehen ofiziala eta Jose Luis Lopez-Sors Gonzalez merkataritza-itsasketako zuzendari ohia.
Jose Manuel Marraco Greanpeaceko abokatuak eta Maria Jose Caballero GKEren kanpainen zuzendariak "Prestigeren bidegabekeria" txostena aurkeztu dute gaur, eta marea beltza erakundeen erabakien ondorio ere izan zela azaldu dute.
"Dozena bat pertsona izan ziren erantzuleak, horien artean lehena, Mariano Rajoy [krisiaren koordinatzailea izan zen, Gobernuko presidenteorde gisa]", salatu du Greenpeacek. Dena dela, izen gehiago aipatu dituzte, hala nola Francisco Alvarez Cascos (Sustapen), Jaume Matas (Ingurumen), Miguel Arias Cañete (Arrantza) eta Ana Pastor (Osasun) ministroak.
Marracoren esanetan, auzipetuetako batek (Lopez-Sors) "Rajoyren eta Alvarez Cascosen aginduak " bete zituela deklaratu du. "Lotura argia da", gaineratu du.
Hori horrela, Greenpeacek politikariek egindako hainbat akats aipatu ditu, besteak beste petrolio-ontzia Coruñara garraiatu ez izana eta petrolioa beste ontzi batera eraman ez izana. Halaber, legeetan ere "hutsuneak" daudela salatu dute: "Gaur egun, legeek industriak babesten jarraitzen dute".
Marracok eta Caballerok ohartarazi dutenez, "bihar bertan" Prestigeren antzeko hondamendi bat gerta daiteke.