Gizartea -
Iñigo Cabacasen heriotza
Cabacas auzian Justiziari lan egiten uzteko eskatu du Mendiak
Justizia azkarragoa izatea gustatuko litzaiokeela onartu du Herrizaingo sailburuak, baina auzitegiei "independentziaz" lan egiten utzi behar zaiela gaineratu du.
Erredakzioa
Idoia Mendia Herrizaingo sailburuak Iñigo Cabacasen familiaren mina ulertzen duela esan du, baina auzia daraman epaileari lan egiten uzteko eskatu du. Iñigo Cabacas apirilaren 5ean hil zen Ertzaintzak botatako gomazko pilotakada baten ondorioz.
Gobernu kontseiluaren bileraren ostean, Cabacasen familiak Jaurlaritzari ikerketaren inguruan eginiko kritikengatik galdetuta erantzun du Mendiak. Izan ere, Gara egunkarian, Iñigo Cabacasen aitak egia jakiteko "oztopoak" jartzea egotzi dio Herrizaingo Sailari.
Sailburuak azaldu duenez, operazio horretan parte hartu zuten ertzainei espediente bat ireki zitzaien, baina administrazioaren prozesua bertan behera gelditu zela ekarri du gogora zigor arlokoa ireki zenean. "Epaileak ezartzen ditu erritmoak", azpimarratu du Mendiak eta Justizia azkarragoa izatea gustatuko litzaiokeela onartu du.
Epaileak gertaera "azkeneraino argitzeko" lan egingo duela ziurtatu du, baina auzitegiei "independentziaz" lan egiten utzi behar zaiela gaineratu du.