Gizartea -

Ruth eta Joseren kasua

Urtebete geroago, Ruth eta Jose Kordobako umeak gogoan

Ustez, Jose Breton aitak hil zituen 6 eta 2 urteko haurrak, eta ondoren Las Quemadillas etxaldean erre zituen gorpuak.

Ruth eta Jose, Kordobako haurrak. Argazkia: EFE
Ruth eta Jose, Kordobako haurrak.
Urtebete, Ruth eta Jose Breton falta direla

01:27

Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela urtebete gaurko egunez, Ruth eta Jose Kordobako 6 eta 2 urteko haurrak desagertu ziren. Jose Breton haurren aitak hil eta, ondoren, Las Quemadillas etxaldean erre zituela uste du Poliziak. Breton kartzelan dago,2011ko urriaren 21az geroztik, eta maltzurkeriaz egindako hilketa eta ahaidetasun larrigarria egotzi dizkio Jose Luis Rodriguez Lainz kasuko epaileak.

Urteurrenari begira, Ruth eta Jose haurrentzat justizia eskatzen duen plataformak elkarretaratzea egingo du Kordobako Padres de Gracia plazan, eta, kandelak hartuta, "Ez dadila argia itzali" mezua osatuko dute. Halaber, haurrak ekitaldira joateko eskatu du plataformak, Ruth eta Joseren alde bildu ziren panpinak horien artean banatzeko, Antonio Santiago kolektiboko bozeramaileak jakinarazi duenez.

Kronologia

2011ko urriaren 8an, 18:00ak aldera, Jose Bretonek Larrialdi Zerbitzura deitu zuen, Kordobako Cruz Conde parkean Ruth eta Jose haurrak haren bistatik desagertu zirela esateko. 112 zenbakira deitu ostean, salaketa jarri zuen polizia-etxean.

Ruth eta Jose haurren desagerpenaren berri izan ostean Polizia Nazionala haurren bila hasi zen, baina hasieratik aitak zerikusia izan zezakeela susmatu zuen Poliziak, eta arreta Las Quemadillas etxaldean eta Jose Bretonen inguruan jarri zuten. Las Quemadillaseko lursailetan zegoen itzalitako su batean aurkitu zituzten, hain justu, hezur batzuk.

"Bi seme-alabak hil ostean, ziur aski, hilotzak Las Quemadillaseko lursailean desagerrarazten saiatu zen, eta, horretarako, ehorztetxeetako labeen antzeko zerbait diseinatu zuen: olibondo egurra azpian, eta gainean laukizuzen itxurako egitura bat. Han erre zituen biak", Jose Luis Rodriguez Lainz kasuko epaileak adierazi duenez. Are gehiago, "froga enpirikoak daude", haren hitzetan.

Suaren hondakin horien artean aurkitutako hezur horiek animalienak zirela adierazi zuen Josefina Lamas Polizia Zientifikoko perituak. Ondoren, Paco Etxeberriak eta, gerora, beste hainbat adituk egindako txostenek argitu dutenez, baina, hezurrak 2 eta 6 urte bitarteko haurrenak dira, eta, ondorioz, epaileak hilketa egotzi dio Jose Bretoni.

Bien bitartean, Lege Medikuntzaren Galiziako Institutua hezurrak ikertzen ari da, DNA arrastoen bila, baina adituek diote "ia ezinezkoa" dela, suak 600º C-ko tenperatura gainditu zuelako.

Eta, orain zer?Jose Bretonek haurrak Kordobako Cruz Conde parkean galdu zituela esan du hasiera-hasieratik, eta "ez du bere deklarazioan koma bat bera ere aldatuko, eta ez da inoiz kontrako aitortzarik aterako haren ahotik", Jose Maria Sanchez de la Puerta abokatuak adierazi duenez. Kasuko epaileak eskatuta, Valentziako Unibertsitateko aditu talde batek segurtasun kamera bateko irudiak aztertu ditu, eta, horren arabera, "ia % 98ko segurtasunez" baieztatu daiteke haurrak ez zihoazela autoaren barruan, eta, beraz, ez zirela parkera heldu. Bestalde, instrukzio fasean, Bretonek haurrei zerbait egin ziela uste zuela aitortu zuen presoaren koinatuak.

Instrukzioko epaileak zinpeko epaimahai batek epaituko duela jakinarazi dio ustezko hiltzaileari. Presoaren abokatuak helegitea aurkeztu du; izan ere, "zaila izango da inpartzialtasunez jokatuko duten herritarrak aurkitzea", haren hitzetan. Orain, Kordobako Probintzia Auzitegiak erabaki beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea