Gizartea -
Atxilotu egin dute
Gazte batek Columbinekoa bezalako sarraskia egin nahi zuen Balearretan
Gazteak 140 kilo lehergai erosi zituen, Balearretako Unibertsitatean eztandarazteko.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak Columbineko (AEBak) sarraskiaren ustezko imitatzaile bat atxilotu du Mallorcan, Balearretako Unibertsitatean atentatua egiten saiatzea egotzita.
Poliziatik jakinarazi dutenez, gazteak (21 urtekoa) 140 kilo lehergai erosi zituen Interneten, aipatu zentroan eztandarazteko. Hain justu, atzo bertan atxilotu zuten, 10:30ean, lehergaiak jasotzen ari zen unean.
Antza denez, atxilotutakoak egunkari bat zuen, eta, horretan, gizartea oro har eta unibertsitateetako ikasleak bereziki gorrotatzen dituela eta zentroan bonbak leherrarazi nahi zituela adierazi zuen bertan.
Ikerketa duela bost hilabete hasi zuen Poliziak, Interneten Columbineko sarraskiari buruzko adierazpenak atzeman eta gero. Columbinen, bi pertsonak 12 ikasle eta irakasle bat hil zituzten, tiroka, eta atzo atxilotutakoak hiltzaile horiek miretsi egiten zituela idatzi zuen. Are gehiago, janzkera eta musika zaletasun berdinak dituztela esan zuen, eta Balearretako Unibertsitatera gutun bat igorri zuen, mehatxu egiteko.
Gaztea legez kanpoko armak erosten saiatu zen, baina ez zuenez lortu, armak edukitzeko baimena eskatu zuen, legalki erosi ahal izateko, baina ukatu egin zioten.
Agenteak haren atzetik zebiltzan, eta, azkenean, lehergaiak eta bonbak egiteko materiala erosi zituela egiaztatu zuten.
"Bizi asko salbatu dira"
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren esanetan, Poliziak "sarraski bat" galarazi du eta "bizi asko" salbatu ditu.
Hori horrela, Fernandez Diazek "zoriondu" egin du Polizia, eta operazioa "bikaina" izan dela iritzi dio.