Gizartea -

TITULAR NAGUSIAK

Albiste izango dira: Greba errepideko bidaiarien garraioan, Urriko Azken Astelehena Gernikan eta Errejon auzia

Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.

DBusen greba iragartzen duen kartela. EITB Media
DBusen greba iragartzen duen kartela
DBusen greba iragartzen duen kartela. EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urriaren 28an, hedabideetako lerroburu nagusiak:

- Greba errepideko bidaiarien garraioan: CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna dute gaur errepideko bidaiarien garraioan (autobusak eta garabiak). Bidaiariak daramatzaten gidariei soilik eragingo die lanuzteak, merkantzietakoek eta osasun sektorekoek akordioak erdietsi baitituzte. Guztira, 10.000 autobus gidari daude grebara deituta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 1.000tik gora Nafarroan, eskola garraioan dabiltzanak tartean. Erretiroko adina aurreratzea dute aldarrikapen nagusi.

- Urriko Azken Astelehena: Urtero urriko azken astelehenean gertatzen den legez, festa eguna izango da Gernikan. Euskal Herriko merkatu garrantzitsuenetakoa egingo dute bertan: Urriko Azken Asteleheneko Azoka. 241 nekazaritza eta artisautza postu izango ditu aurten. Artisautzako produktuak saltzeko 54 postu jarriko dituzte, eta gainerakoetan baratzeko produktuak salduko dituzte. Azken horien artean, gazta saltzen dutenak izango dira ugarienak (36), ogia saltzeko 20 izango dira, eta beste hainbestetan salduko dute euskal pastela. Eztia, txakolina, barazkiak, kontserbak, makineria, patea, erroskilak, sagardoa eta landareak ere izango dira.

- Errejon auzia: Sumarren talde parlamentarioa Kongresuan bilduko da, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordea buru duela, Iñigo Errejon bozeramaile ohiaren aurka jarri dituzten sexu eraso eta jazarpen salaketek piztutako krisian murgilduta. Bileran Kongresuko bozeramaile berria ere aukeratu beharko dute. Larunbatean Sumarrek barkamena eskatu zuen, alderdiko protokoloek huts egin zutela onartuta. Hala ere, oraingoz Sumarreko buruzagi den Yolanda Diazek ez du gaiaz hitz egin. Atzo, Pedro Sanchezek Sumarrek Errejon auziari emandako erantzuna defendatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan Euskara Bilbo Azken ordukoa Bizkaia Nafarroako albisteak Iparraldea berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Albisteak Osasun albisteak Euskaraldia 2025 Larrialdi klimatikoa