Gizartea -
Epaiketa
Medikuntzako dekano ohiak EHUri iruzur egin zion, fiskalaren arabera
Fiskalak 10 urteko espetxe zigorra eskatu du Medikuntzako dekano ohiarentzat eta Estomatologia Saileko zuzendari ohiarentzat, ustez, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik.
Erredakzioa
Bizkaiko Auzitegiko fiskalburuaren arabera, Francisco Javier Goiriena EHUko Medikuntzako dekano ohiak "era askotan EHUri iruzur egin zion", eta 750.000 euro hartu zituela esan du, M. B. Estomatologia Saileko zuzendari ohiaren laguntzarekin batera.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiko bigarren sekzioan ari dira Goiriena eta M.B epaitzen, ustez, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik.
Fiskalak epaimahai herrikoiko kideei esan dienaren arabera, "erraza da atzematea dirua bidegabe hartzeko pantaila-sozietateak sortu zituztela onura pertsonala lortzeko".
Fiskalaren idatziak 10 urteko espetxe zigorra, 14 urteko gaitasungabetzea eta 750.000 euroko isuna eskatu du. Horren arabera, Goiriena dekano karguaz eta 1994-2000 aldian bere anaia EHUko errektore izateaz "baliatu" zen EHUren dirua bere zereginetarako erabiltzeko.
Defentsaren abokatuen arabera, akusatuek ez zuten deliturik egin. Unibertsitateko araudiak elkarte pribatuek graduondoak ematea ahalbidetzen duela esan dute. Diru publikoarekin finantzatzen zirela azaldu dute, baina EHUk % 10 jasotzen zuela, irakaskuntzako egitarauaren kalitatea bermatzen zuelako.
"EHUk % 10 jasotzen zuen eta araututa zegoen dena", esan du defentsak.
Akusazioak, ordea, kurtso horietarako zen dirua euren onurarako erabiltzea egozten die. Estomatologia Saileko "Garbi eta Zuri" izeneko irakasleen elkartea da akusazioa eta EHUn "irregulartasun asko egitea" leporatzen die.