Gizartea -
Ryanairreko jazoeren ostean
Sustapen Ministerioak aire-segurtasuna sendotzea eskatu dio EBri
Ryanairreko hegazkinek izandako azken ezbeharren harira, Europako Garraio komisarioari eta Irlandako Abiazio Zibileko arduradunei erabakiak hartzeko eskatu die Espainiako Gobernuak.
Erredakzioa
Ryanair konpainiako hegazkinek azken asteetan izandako jazoeren ostean, aire-segurtasuna indartzea eskatu die Sustapen Ministerioak Siim Kallas Europako Garraio komisarioari eta Irlandako Abiazio Zibileko zuzendariei. Sustapen Ministerioak azaldu duenez, eskaera hau eskutitz baten bidez egin du, eta, gainera, "berehalako" bilera eskatu diete. Ana Pastor Sustapen ministroak egindako proposamenak Kallasi zuzendutako gutun honetan jaso dituzte. Asmoa da Europako araudia aldatzea Gobernuek atzerriko hegazkin konpainiaren gaineko eskumen gehiago eskuratu ahal izateko.
Gainera, eskutitz bera bidali dio Irlandako Abiazio Zibileko arduradunei, azken asteetan Ryanairreko hegazkinekin jazotakoa azaltzeko. Larunbat honetan Ryanairreko hegazkin batek larrialdizko lurreratzea egin behar izan du Prateko aireportuan, eta gauza bera egin behar izan du beste hegazkin batek igande honetan Madrilgo Barajaseko aireportuan.