Gizartea -
Garoñaren aurkako martxa
Garoñaren aurkako azken martxa izan litekeena egin dute
Mobilizazioa eguerdian hasi da Barcina del Barco (Burgos) herrian eta zentral nuklearrera iritsi da. Bertan, xanpainarekin ospatu dute zentralaren enpresa jabeak luzatzeko baimenik eskatu ez izana.
Erredakzioa
Garoñaren aurkako koordinakundeak eta hainbat talde ekologistak urteroko martxa egin dute Barcina del Barco (Burgos) herritik zentral nuklearrera, berehalako itxiera eskatzeko.
Azken urteetako martxarik jendetsuena egin dute. Guztira, hiru kilometro ibili dituzte, Barcina del Barco udalerritik zentraleko sarrera arte.
Urteroko martxa ekologista azkena izan daiteke, izan ere, airean dago bere etorkizuna. Datorren urtean ixtekoa zen, eta Nuclenor enpresa jabeak ez du bere bizitza luzatzeko baimenik eskatu.
Koordinakundeak mobilizatzeko deia egin du "sistema garbi, seguru eta energia aurreztean oinarritutako gizartea defendatzeko, PPren Gobernuak nahi duen enpresa elektriko handien neurrirako egindako sistema zikin eta arriskutsuaren aurrean".
Bukaeran irakurritako adierazpenean, Garoñaren kontrako Koordinakundeak zentrala 2013ko uztailean itxiko dela agertu du, Nuclenorrek 2019 arteko luzapena eskatu ez duela eta horretarako epea agortu dela ikusita.
Koordinakundearen arabera, Nuclenorrek luzapena ez eskatzeak enpresaren eta lobby nuklearraren "bi gezur" agerian utzi ditu: "Garoña es da segurua eta energia nuklearra ez da merkea".
Topa egin aurretik, datorren urtean ere Garoñara martxa egiteko asmoa agertu dute, baina "zentralaren itxiera behar bezala ospatzeko".
Luzapena eskatu barik
Aste honetan bertan Segurtasun Kontseiluak Garoñaren bizitza luzatuko ez duela iragarri du. Nuclenor enpresak eskaera egiteko epea irailaren 5ean amaitu baitzen.
Nuclenorrek epe hori bi hilabetez luzatzea eskatu zuen eta Industria Ministerioak aukera horren inguruko txosten bat eskatu zion CSNri abuztuaren 24an.
Abuztuaren 31n, CSNk aukera horren kontrako txostena aurkeztu zuen. Txosten hori izan zen, hain zuzen, Industria Ministerioak irailaren 3an emandako aginduaren oinarria. Ministerioak eskaera egiteko epea luzatzea baztertu zuen.
'Ez dago atzera bueltarik', Herreraren iritziz
Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongo presidentea kezkatuta azaldu da Nuclenor Garoñako jabearen enpresak hartutako erabakiagatik.
"Badirudi ez dagoela atzera bueltarik", esan du Burgoseko egunkari batean egindako elkarrizketa batean. "Itxura txarra du honek", gaineratu du, zentralaren bizia luzatzeko eskaera epe barruan egitea Segurtasun Kontseiluaren baldintza zela zehaztu baitu.
Halaber, Jose Manuel Soria Industria ministroarekin hitz egin duela gaineratu du eta ez dagoela baikor adierazi du.