Gizartea -
Energia nuklearra
PP: 'Arduragabekeria da Garoñaren ustiapenaren luzapena ez eskatzea'
Alderdiaren ustez ''ulertezina'' da Nuclenor enpresak Garoña ustiatzeko baimena luzatzeko eskaera egin ez izana.
Erredakzioa
Rafael Hernando PPk Kongresuan duen bozeramaileordearen hitzetan, ''arduragabekeri ulertezina'' da Nuclenor enpresak Santa Maria de Garoña zentral nuklearra ustiatzeko baimena luzatzeko eskaera egin ez izana.
Endesa eta Iberdrola dira Nuclenorreko jabeak, eta, Hernandoren ustez, ''arinkeri erabat ulertezina'' da bi enpresa horien jarrera, biek eskatu baitzioten Rajoyren Gobernuari Zapateroren Exekutiboak proposatutako itxiera data jasotzen zuen araua bertan behera uztea. Garoña 2013an ixtea proposatzen zuen arau horrek.
PPko ordezkariarentzat, ''merkea eta segurua'' da energia nuklearra. Hernandok azaldu duenez, Espainiak ekoizten duen energiaren ''neurria garrantzitsua'' irteten da Garoñatik, eta aspaldi amortizatu ziren zentralaren kostu ekonomikoak.