Gizartea -
2012/2013 ikasturtea
Ikasturte hasiera gogorrena
EAEko eta Nafarroako ikasleek aste honetan hasiko dute ikasturtea. BEZaren igoerak zailagoa egingo die sendiei.
Erredakzioa
Sendiek azken urteotako ikasturte hasiera gogorrena izango dute aurten. Izan ere, familia asko krisi ekonomikoaren eraginak pairatzen ari dira (langabezia, adibidez) eta, aurten, balio erantsiaren gaineko zergaren igoera gehitu beharra dago, eskola material gehienaren BEZa % 4tik % 21era igo baita. Enrique Garcia Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteko (OCU) bozeramaileak ohartarazi duenez, ikasturte hasierak 640 euroko kostua izango du, batez beste, ume bakoitzeko: 510 euro hezkuntza publikoan eta 917 euro itundutako hezkuntzan.
BEZaren igoerak 14 euro garestituko du eskola materialaren gastua (batez beste, 124 eurokoa izango da).
Ikasliburuak BEZaren igoeratik kanpo utzi dituzte, baina, hala ere, prezioa % 2,39 euro garestitu da. Lehen hezkuntzan, liburuen kostua 215 eurokoa da aurten.
IKASTURTE HASIERA: DATAK
Nafarroako ikasleak izango dira eskola itzultzen lehenak. Hain zuzen ere, lehen hezkuntzako haurrek asteazkenean (hilak 5) hasiko dute ikasturtea lurralde horretan. EAEn, hurrengo egunean, ostegunean (hilak 6), egingo dute.
Bigarren hezkuntzari (DBH) eta batxilergoari dagokienez, ikasturte hasiera hilaren 10ean (hurrengo astelehena) izango da Nafarroan, eta 6an EAEn.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 10ean hasiko ditu eskolak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, gaur bertan.