Gizartea -
Erasoa
Bakion zauritutako neska larri dago, baina hobera egin du
Ertzaintza erasotzailea bilatzen ari da. Orain arte, hainbat pertsona galdekatu ditu, lekuko gisa.
Erredakzioa
Bakion labankada jaso zuen 18 urteko neskak larri jarraitzen du Gurutzetako ospitalean eta ETBk jakin duenez, gazteari ebakuntza egin diote. Birika zulatuta du eta erreanimazio unitatean dago. Familiaren arabera, bere egoera hobera egiten ari da.
Gaztearen bikotekidea, 17 urteko mutil bat, ospitaletik atera da igande goizean.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen eta erasotzailea bilatzen ari da. Orain arte, hainbat pertsona galdekatu ditu, lekuko gisa.
Bakioko Udalak bikoteak ostiraletik larunbaterako goizaldean jasandako erasoa gaitzetsi du. Ohar baten bitartez, bi biktimen senitartekoei elkartasuna adierazi die.
Bi gazteak Bilbokoak dira, baina uda Bakion pasatzen dute.
Tabakoa nahi zuen
04:30ean gertatu zen erasoa, bat-batean gizonezko batek bikoteari eraso egin zionean Bakio eta Bermeo batzen dituen errepidetik zihoazela. Bikotearen lagunek ETBri egindako adierazpenen arabera, biktimei gizon bat gerturatu zitzaien eta tabakoa eskatu zien. Tabakorik ez zutela esan ziotenean, erasotzaileak labana atera zuen eta neskari sastada eman zion.
Bakioko San Pelaio auzoan gertatu zen erasoa, bertako ur-araztegiaren parean.