Gizartea -

Kordoban desagertutako haurrak

Haurrak erre dituztela esatea 'zentzugabekeria' da Bretonen iritziz

Txosten berriak egin dituztenek diote balitekeela Jose Bretonek errausketa-labe bat eraikitzea seme-alabak erretzeko eta giza-arrastorik ez uzteko.

Breton Las Quemadillasen da, suarekin zer egin zuen argitzeko. Argazkia: EITB
Breton Las Quemadillasen da, suarekin zer egin zuen argitzeko.
Breton Las Quemadillas etxaldera itzuli da

01:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Breton 2011ko urrian desagertu ziren Ruth eta Jose haurren aitaren iritziz "zentzugabekeria" da bere umeak erre direla esatea, bere abokatuak esan duenaren arabera, Las Quemadillas etxaldeko erregistroa amaitu ostean.

Poliziek 11:00etan bukatu dute etxaldeko miaketa.

Arakaketa egitea atzo agindu zuen epaileak, bi adituk etxaldean aurkitutako hezurrak 2 eta 6 urteko bi umerenak direla ondorioztatu eta gero (hain justu, Ruth eta Jose 2011ko urriaren 8an desagertutako umeen adin bera). Etxea Jose Breton aitaren gurasoena da, eta gizonezkoa espetxean dago, seme-alaben desagerpena egotzita.

Breton 09:00ak aldera sartu da Las Quemadillas etxaldean, Poliziaren babes handiarekin, suarekin zer egin zuen argitzeko.

Miaketan "sua egin zen tokiko lurra atera dute, bidoi batzuk jaso dituzte, palak, makilak eta ustez, suarekin kontaktuan egon zen burdinazko mahai bat", bere abokatuak azaldu duenez. Ondoren, akta egin dute eta honekin Las Quemadillasen amaitu dela gaineratu du.

Jose Maria Sánchez de Puertak abokatuak esan duenez, erregistroa "suaren ondoan" egin dute eta datorren astean bertan, epaileak eskatutako bi txostenen berri izatea espero duela gaineratu du, izan ere, arrastoak umeenak direla berresten bada, defentsak kontrako txosten bat egingo du.

Bi txosten independenteen inguruan galdetuta, emaitzen zain egotea eskatu du, eta "hori berresten bada, Fiskaltzak hilketa delitutzat joko luke, beraz, defentsa guztia aldatu beharko litzateke", esan du.

Ildo honetan, adituen txostenak Bretonek errausketa-labe bat egin zuela esaten du, eta adreilu eta txapa batzuen bitartez 800 graduko sute bat egitea lortu zuela, bi haurren gorpuak hauts bihurtu eta era horretan, arrastoak ezabatzeko.

Sumario sekretua

Epaileak sumario sekretua ezarri du. Gainera, froga gehiago eskatu ditu, arrastoen jatorria behin betiko zehazteko. Hori dela eta, Breton Las Quemadillasera eraman dute. Era berean, su hondakinen ondoan dagoen metalezko xafla suaren gainean jarri eta labe bat egiteko erabili ote zen argitu nahi dute.

Izan ere, hori da susmoetako bat, Bretonek labe-errauskailua egin zuela seme-alabak erre eta giza-arrastorik ez uzteko.

Txostenak

Iazko azaroan egindako Poliziaren lehen txostenaren eta atzo ezagutarazi diren beste bi txostenen artean "kontraesanak" daudela onartu du Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak. Poliziak antropologo bati enkargatutako azken txosten horretan, sute baten errautsetan 6,22 urteko ume baten aztarnak daudela baieztatzen da.

Ministroak prentsaurreko bat eskaini zuen atzo, adingabekoen amak enkargatutako txosten independente batek Bretonen familiarena den Kordobako Las Quemadillas lursailean aurkitutako aztarnak desagertutako umeenak izan daitezkeela baieztatu ostean. Fernandez Diazek azaldu zuenez, epaileak izapide berriak egingo ditu txosten horien egiazkotasuna bermatu eta ikerketa bukatutzat emateko asmoz.

Gogorarazi zuenez, Poliziak txosten bat sinatu zuen iazko azaroan, eta bertan, aurkitutako gorpuzkiak "animalia txikien hezurrak" zirela ziurtatzen zen. Haurrak desagertu eta bi egunetara eginiko azterketa horretan aurkitutako aztarnak haurrenak zirela ukatzen zen.

Dena den, Ruth Ortiz haurren amak beste ikerketa bat egiteko baimena eskatu zion Poliziari, eta epaileak eskaera onartu zuen.

Prozedurak oraindik hilabeteak iraun ditzakeela esan du fiskalak

Jose Antonio Martin Caro Kordobako Probintzia Auzitegiko fiskalak azaldu duenez, Ruthen eta Joseren kasua (2011ko urrian desagertu ziren) argitzeko irekitako prozedurak "hilabeteak" iraungo ditu oraindik.

Jose Bretoni leporatu ahal zaion kartzela-zigorraren harira, Martin Carok esan du guztia lanean diharduten diligentzien araberakoa izango dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea