Gizartea -
Gertaera Nafarroan
Suhiltzaileek Soraurengo sutea itzaltzeko lanetan diraute
Sutea bigarren mailakoa da, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, eta, arrazoi hori nahikoa da Ingurumen Ministerioaren laguntza eskatzeko.
Erredakzioa
Landarediko sute larri bat piztu da ostegun arratsaldean Soraurenen (Nafarroa), eta, oraingoz, "kontrolik gabe" jarraitzen du, suhiltzaileak bertaratu arren.
Sutea bigarren mailakoa da, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, eta, arrazoi hori nahikoa da Ingurumen Ministerioaren laguntza eskatzeko.
SOS Navarrak Iruñeko, Oronozeko, Tafallako eta Zangozako Parke Nagusiko suhiltzaileak bertaratu ditu. Halaber, bost helikoptero eta hiru ur-hegazkin sua itzaltze lanetan ari dira.
Ez da jakin oraindik zergatik piztu den sutea Soraurenego atzekaldean. Herriak 183 biztanle ditu eta Iruñetik gertu dago.
Sutea Nafarrako hiriburuko hainbat puntutatik ikusi dute, eta ikusmina piztu du: "Izugarria da, ke asko dago, Jainkoari eskerrak mendirantz doala eta ez etxeetarantz. Hiru edo lau helikoptero daude eta hainbat suhiltzaile. Sugarrak pauso erraldoiak ematen ari dira", azaldu dio lekuko batek Radio Euskadiri.
Herriaren atzekaldean piztu ostean, sutea mendiaren hegaldetik joan da, iparralderantz, eta, gailurra pasatu ostean, berriro hegaldera joan da. Suhiltzaileak euren lanari ekin die sua itzaltzeko.
Gertakariaren ondorioz, N-121-A errepidea moztuta gelditu da, eta Udaltzaingoak zirkulazioa erregulatu du, beste errailetik ordezko bidea ezarriz Irungo noranzkoan.