Gizartea -
Sutea
Dagoeneko bi dira Alacanteko sutean hildakoak
Bestalde, 3.000 pertsona baino gehiago aterarazi dituzte Gomerako Valle Gran Reytik.
Erredakzioa
Beste pertsona bat hil da bart La Torre de les Maçanesen (Alacant) piztutako sutean, Alacanteko ospitaleko Zainketa Berezien Unitatean larri zegoen brigadista bat, sute hori itzaltzeko lanetan hil den bigarren pertsona.
Generalitatearen Larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez, beste bi pertsona daude zaurituta sugarrengatik, bi brigadista; bat aipatu ospitalean dago, eta bestea, Alcoyn.
Atzo piztu zen sutea Rabosina inguruan. Baso zati handi bat kiskalita geratu da eta 26 hegazkin baino gehiagok parte hartuko dute sua itzaltzeko lanetan. Bart, berriz, lurreko suhiltzaileak etengabe aritu dira lanean.
Valle Gran Rey (Gomera) jendez hustu dute
Bestalde, San Sebastian de La Gomerako Udalak aterpetxeak jarri ditu Valle Gran Reytik aterarazi dituzten 3.000 pertsonei aterpea emateko.
Valle Gran Reyko 3.000 pertsona horiek itsasontziz atera dituzte sutearen arriskutik aldentzeko. Irlako bigarren hiri handienera sartzeko errepideak erabat itxita daude atzotik; hori dela eta, itsasontziz ari dira herritarrak garraiatzen.
Guadalajarak alerta jaitsi du
Larunbat arratsaldean Guadalajarako Cabañeros Parkean eta Ucedan hasitako suteen alerta 1 mailara jaitsi dute, Gaztela Mantxako Suteen Larrialdietako Plan Bereziko bozeramaileek aditzera eman dutenez.
Horri esker, baliteke Larrialdietako Armadako Unitateak (UME) itzaltze lanetan laguntzeari uztea. Larunbatetik itzaltzen lanetan aritu dira alerta 2 mailara igo zutenean.
Ourense, arrisku barik
Galiziako Gobernuak suteen prebentziorako lehen mailako alerta kendu du. Sua ostiral eguerdian hasi zen O Barco de Valdeorras herrian, Santigoson.
Gobernuaren hitzetan, alerta jaitsi egin dute "herritarrentzako arriskurik ez dagoela eta sutea kontrolatuta dagoela ikusita".