Gizartea -
Lapurreta
Udaltzain bat hil da Madrilen izandako tiroketa batean
Toraxean jasotako bala batek eragin dio heriotza. Beste udaltzain bat zaurituta eraman dute ospitalera. Usera barrutiko Correoseko bulego bat ustez lapurtu dutenekin gertatu da ezbeharra.
Erredakzioa
59 urteko emakumezko udaltzaina tiroketa batean hil da toraxean jasotako bala baten ondorioz, Madrilgo Userako barrutian. Beste udaltzain bat berriz, balaz zaurituta eraman dute Madrilgo 12 de Octubre ospitalera.
Ezbeharra gertatu den lekuan artatu dute hildako udaltzaina larrialdietako zerbitzukoek, baina ez dute lortu bizia salbatzerik.
Tiroketako susmagarriak, bi gizonezko dira eta ustez, Eduardo Barreiros kaleko Correoseko bulego bat lapurtu dute. Bertan, bi laban handirekin eta pistola bat eskuan zutela, bulegoko dirua lapurtu dute eta ondoren langileei eta bertan zeuden kaletarrei lapurtu diete soinean zuten guztia. Diru kutxak irekitzen ere saiatu dira baina ez dute lortu.
10 minutuz bulegoan egon eta gero, merkatal zentro batera abiatu dira eta une horretan hasi da tiroketa udaltzainekin.
Udaltzainek ezbeharraren gunea sokaz inguratu dute eta hilketen talde berezikoak arduratuko dira kasuaz.