Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Garoña ixteko eskaera formala egin dio Marotok Industria Ministerioari
Javier Maroto Gasteizko alkateak onartu du bere jarrerak arazoak eragin dizkiola Alderdi Popularraren baitan, baina Garoñak eman behar zuena eman duela eta ixteko ordua iritsi dela babesten du.
Erredakzioa
Gasteizko Udalak eskaera judiziala egin du Industria Ministerioan Garoñako zentral nuklearra martxan mantentzeko erabakiaren aurka.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Javier Maroto alkateak esan du agerikoa dela bere jarrera eta bere alderdiarena bat ez datozela, “baina nire jarrera gasteiztarren gehiengoarekin bat dator, izan ere, Garoñak eman behar zuena eman du eta ixteko ordua iritsi da”, azpimarratu du.
Gauzak horrela, Industria Ministerioan Garoñako zentral nuklearra ixteko eskaera formala jada egin dutela iragarri du. “PPren Gobernuak jaso duen herentzia horren okerra izan ez balitz, agian ez zuten erabaki hori hartuko; baina, dena dela, ni Garoña irekita mantentzearen aurka nago”, berretsi du.
Bere jarrerak Alderdi Popularraren baitan “arazoak” eragin dizkiola onartu du. “Nire jarrera eta PPren ildo ofiziala ez datoz bat; baina nire jarrera gasteiztarren gehiengoarekin dator bat”, nabarmendu du.
Garoñako zentral nuklearrak “arriskua” suposatzen duela eta, Industria Ministerioak Gasteizko Udalak egindako eskaera aztertuko duela espero du.
PSEk Jaurlaritza zorpetuta utz dezakeela uste du Marotok
Bestalde, Javier Marotok esan du “beldurtuta” dagoela, PSEk Jaurlaritza zorpetuta utz dezakeelakoan. “Gasteizko alkatetza eskuratu genuenean, PSEk udala dirurik gabe utzi zuela egiaztatu genuen eta orain beldur naiz Jaurlaritzarekin gauza bera gertatu daitekeelako”.
“PPk hiri osasuntsua utzi zuen eta PSEren lau urteko agintaldiaren ostean hiririk zorpetuenetakoa topatu genuen”, erantsi du.