Gizartea -
Baso sutea
Sua Alt Emporda kiskaltzen ari da, Gironan, eta lau pertsona hil ditu
Sutearen perimetroa 70 kilometrokoa da eta 14.000 hektarea baino gehiago erre dira. 12 pertsonek ospitalean jarraitzen dute. Dirudienez, zigarro batzuek eragin dute sutea.
Erredakzioa
Alt Empordako (Girona) suteak 70 kilometroko luzera du dagoeneko eta 17 herri, eta 14.000 hektarea baino gehiago kaltetu ditu. Landa-agenteek azaldu dutenez, zigarro batzuek eragin dute sutea Al Empordan eta Portboun, bigarren hori kontrolatzea lortu dute.
Etxean gelditzeko agindua dute oraindik Darnius eta Terrades herrietako biztanleek eta N-II errepidea berriz ere ireki dute. Hala ere, AP-7 autobidea goizaldean ireki duten arren, berriz ere itxi behar izan dute Agullana inguruan suak berriz ere indarra hartu duelako.
Momentuz, lau pertsona hil dira sutearen ondorioz. Hildako bi frantziarrak dira, gizonezko bat eta 15 urteko nerabea. Autoan zihoazen N-620 errepidetik, Portbou inguruan, eta sugarrek inguratu dituztenean, autotik atera dira eta bere burua itsasora bota dute. Amak eta beste bi seme-alabak ere salto egin zuten eta ospitalean daude larritasun desberdineko zauriekin.
Gainera, atzo topatu zuten eta gorputzaren % 80 erreta zuen 64 urteko herritar frantziarra ere hil egin da, Vall d'Hebron (Bartzelona) ospitalean, egindako zauri larrien ondorioz. Beste pertsona bat, adinduna, Llersen hil da bihotzekoak jota.
Generalitateko Osasun Sailak adierazi duenez, hamabi pertsonak ospitalean jarraitzen dute suteak egin dituzten zauriak direla eta.
Darniusen (Girona), suak berriz ere indarra hartu du eta 300 ahuntz, ardi eta behi hil dira garren ondorioz.
14.000 hektarea, erreta
Suteak 14.000 hektarea inguru erre ditu eta kontrolik gabe hedatzen ari da.
Felip Puig Barne kontseilariak hedabideei egindako adierazpenen arabera, Llersetik Avinyonetera doan suteak 20.000 edo 30.000 hektarea erretzeko gaitasuna dauka.
Suteak orduko sei kilometroko abiaduran aurrera egiten ari da, eta bost metroko sugarrak daude. Generalitateko 320 suhiltzaile jo ta ke lanean ari dira sua itzaltzeko, baina ez dute aireko laguntzarik, haizeak helikopteroak eta hegazkinak martxan jartzea oztopatzen duelako.
Sua itzaltzeko taldeak
Larrialdietako Armadako Unitateak (UME) 426 pertsona, 73 ibilgailu, 24 autobonba eta zortzi kamioi inude bidali ditu sutea itzaltzen laguntzeko.
Juan Diaz Cruz Barne Ministerioko Babes Zibileko eta Larrialdietako zuzendariak Espainiako Gobernuak Kataluniakoaren eskaerari erantzunda bidalitako laguntza koordinatzen ari da.
Errepideak, itxita
Suteak sortutako ke handiak Abiadura Handiko Trenari ere eragin dio, Frantziako muga zeharkatzen duen tunelari, hain zuzen, baina Figueres eta Portobou artekoa berriz ere martxan jarri dute. Asteartean, 10:00etan, Frantziarekin komunikatuta dagoen Abiadura Handiko Trena martxan jartzea aurreikusi dute.
Fernandez Diaz, zuhurtziagabekeriagatik diren suteetako zigorrak gogortzearen aldeJorge Fernandez Diaz Barne ministroak Zigor Kodean suteak eragiten dituzten zuhurtziagabekeriengatik zigorrak gogortzearen alde egin du, eta Mediterraneoko herrialdeen lan talde bat egitea proposatu du hondamendi mota hauen kontra borrokatzeko.
Zigor kodean aldaketak egitearen inguruan, ministroak esan du Valentzian izandako suteak ere zuhurtziagabekeriagatik izan zirela, eta legea gogortu egin beharra dagoela nabarmendu du.