Gizartea -
Abortuaren Legea
Gallardon: 'Ezin izango da fetuen malformazioengatik abortatu'
Justizia ministroak iragarri duenez, Abortuaren Legeak aurreikusten dituen hainbat baldintzak aldatuko ditu, malformazioak dituzten fetuei "babes maila berdina eskaini ahal izateko".
Erredakzioa
Emakumeek ezin izango dute fetuen malformazioengatik abortatu, La Razon egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak adierazi duenez. Honen esanetan, Justizia Ministerioak Abortuaren Legea erreformatzeko asmoari eutsi dio, eta, ondorioz, lege honek aurreikusten dituen abortatzeko baldintza batzuk aldatuko ditu, "fetua ezin daitekeelako babesik gabe geratu".
"Eskarmentuaren arabera, horietako baldintza batzuk erreformatu behar ditugu", azaldu du. "Malformaziorik ez duen fetu batekin alderatuta, elbarritasunaren bat duen beste fetu bati babes maila berdina eman behar zaio", azpimarratu du. Gallardonen hitzek ika-mika piztu dute Interneten, eta Twitterren Trending Topic (saltsa handiena duen momentuko gaia) bihurtu da.
Halaber, Adingabearen Legea ere erreformatuko dutela iragarri du ministroak. "Helduek eta adingabeek batera egindako delituengatik batera ere epaitu ahal izateko ari gara lanean", azaldu du.