Gizartea -
Ertzaintzaren pilotakada
Aresek ukatu egin du Cabacas familiari dirua eskaini ziotela
Herrizaingo sailburuak "erabat faltsu"tzat jo du Iñigo Cabacasen familiak esandakoa, kasua ixteko epaitegietatik kanpoko akordioa eskaini izana.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gezurtatu egin du Iñigo Cabacasen (Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zen gaztea) familiari kalte-ordaina eskaini ziola auzia epaitegietatik kanpo ixteko.
Ertzaintzak apirilaren 9an hil zuen Cabacas buruan pilotakada bat emanda, Athletiken partidu baten ondoren.
Hildako gaztearen gurasoek eta abokatuek agiri bat zabaldu zuten atzo Herrizaingo Sailak auzia ixteko kalte-ordaina eskaini ziela salatzeko. "Egokiena hori zela esaten zuten, egia jakitea eta gertatutakoaren arduradun zuzena nor izan zen jakitea ezinezkoa zelakoan", adierazi zuten agirian.
Aresek, beste agiri batean, "familiari egia ez kontatzea" leporatu dio Jone Goirizelaia Cabacasen abokatuari. Aresen esanetan, "manipulazio nazkagarriaren" ondorio da Cabacas familiaren salaketa.
Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzaren abokatuak Goirizelaiarekin hitz egin zuen "korridorean" eta hizketaldi horretan "auzia bide administratibotik konpontzeko aukerak ikusten zituela" esan zion. Aresek uste du horretan oinarritu dela Goirizelaia "asmo txarreko interpretazioa egin eta eskaintza bat egin dietela ondorioztatzeko".
"Ez dut inolaz ere horrelakorik baimenduko. Nire nahi bakarra ikerketa bururaino eramatea da, gertatutakoa argitzeko", berretsi du Aresek.
Sailburuak "iritzi publikoa manipulatzeko eta nahasteko edozer" egitea leporatu dio Goirizelaiari.
Bestalde, Aresek ukatu egin du bere Sailak kasuari buruzko informaziorik ematen ez duenik, izan ere, prentsaren aurrean eta Legebiltzarrean hitz egin izan duela gogorarazi du.
Familiaren "azken" erantzuna
Iñigo Cabasen familiaren iritziz, Ares sailburuak “irainak” erabiltzen ditu “atentzioa desbideratzeko” eta “benetan gertatu zena” ez kontatzeko. “Ez du azalpenik eman nahi, eta ez du bere gain erantzukizunik hartu nahi”.
Familiak esan du ez diola ez Aresi ezta Herrizaingo Sailari ere erantzun gehiagorik emango.