Gizartea -
Iñigo Cabacasen heriotza
Cabacasen familiak erantzukizun politikoak eta penalak eskatu ditu
Bilboko Udalaren omenaldia berandu iritsi dela kritikatu du Cabacasen familiak eta Rodolfo Ares "ezkutatu" egin dela salatu dute.
Erredakzioa
Iñigo Cabacas orain hiru hilabete gomazko pilotakada batengatik hil zen gaztearen familiak erantzukizun politikoak eta penalak eskatu ditu Ertzaintzaren "neurrigabeko" jokaerarengatik.
Gaztearen gurasoak Bilboko Udalak deitutako elkarretaratze isilean parte hartu dute.
Aitak elkartasuna eskertu du, baita Udalaren keinua ere, baina "pixka bat berandu" iritsi dela esan du. Halaber, Herrizaingo Sailaren eta Rodolfo Ares sailburuaren lana kritikatu du, izan ere, "informazioa eta laguntza emango zigutela esan zuten, baina ez da horrela izan", adierazi du.
Horregatik, gertutakoa argitzea espero du, eta erantzukizunak eskatu ditu.
Ildo honetan, "argi dago Ertzaintzaren gomazko pilotakada batengatik hil zela", berretsi du Jone Goirizelaia familiaren abokatuak, eta Aresek bere garaian eman zuen azalpenarekin ez duela bat egiten azaldu du."Han ez zen ezer pasatzen, lekuko guztiek berretsi dute Athleticen garaipena ospatzen ari zirela, besterik ez, eta ez zegoela Ertzaintzaren beharrik, horregatik, jokaera neurrigabekoa eta justifikatu gabea izan zen", adierazi du.
Ikerketa penala "azkeneraino" iristea eskatu du familiak eta "poliziaren bertsioa indartzeko iruzur ez egiteko" eskatu dute. Mahai gainean, erantzukizun politikoak jarri behar direla gaineratu dute.