Gizartea -
Zentsura-mozioa
Alduntzin: 'Mezularia aldatuko dute; mezua, ez'
PPk, PSE-EEk eta EAJk zentsura mozioa aurkeztuko dute gaur Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren kontra.
Erredakzioa
EAJk, PSE-EEk eta PPk Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurugiro diputatuaren kontrako zentsura-mozioa aurkeztuko dute gaur, Batzar Nagusietan zaborraren kudeaketaren harira izan diren desadostasunengatik. Bada, Alduntzinek ohartarazi duenez: "Mezularia aldatuko dute, baina mezua ez da aldatuko".
Alduntzinek Infozazpi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, oposizioak "Aldundiari kalte egiteko" erabili nahi du zentsura-mozioa, eta EAEko hauteskundeei begira egindako "mugimendu politikoa" da.
Zentsura-mozioak aurrera egin eta Ingurugiro diputatu kargua utzi behar badu, Alduntzinek esan du "mezularia" aldatuko dutela, baina "mezua ez da aldatuko".
Horren harira, oposizioko alderdiak kritikatu ditu, mozioa aurkeztuta "sakoneko eztabaida, zaborraren kudeaketa, saihesten" ari direla leporatzen die.
Bestalde, Alduntzinek azpimarratu du Gipuzkoak "zabor bilketaren aitzindari" izateko aukera duela "Europako zuzentarauei jarraituz, eta Europako Parlamentuaren azken gomendioak indarrean jarrita".
Atez atekoa
Atez ateko zabor bilketari dagokionez, Alduntzinek esan du Aldundiak ez duela "ezer inposatuko udaletan, ez ditugu euren eskumenak urratuko".