Gizartea -
Akordioa
Euskadik eta Nafarroak euskararen aldeko hitzarmena sinatu dute
Gobernu bien esanetan, "elkar errespetatuz" egin behar dute lan elkarrekin, "kultur ondare eta komunikatzeko tresna hau zaintzeko".
Erredakzioa
EAEKo eta Nafarroako Gobernuek euskerarekin erlazionatutako bederatzi esparrutan elkarrekin lan egiteko hitzarmena sinatu dute. Gobernu bien esanetan, "elkar errespetatuz" egin behar dute lan elkarrekin, "kultur ondare eta komunikatzeko tresna hau zaintzeko".
Hitzarmena Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Jose Iribas Sanchez de Boadok eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Blanca Urgell-ek izenpetu dute.
Zehazki, honako esparru hauetan aplikatuko dira: euskara helduei irakastea; hizkuntza gaitasunen ebaluazioa eta egiaztapena; ikerketa eta mapa soziolinguistikoak; euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpenak; itzulpen-memoriak; terminologia; informazioaren eta komunikazioaren teknologiak; euskara nazioartean hedatzeko programak eta euskarazko irakurleak atzerriko unibertsitateetan; eta hizkuntzaren kultur sustapena.
Berariazko hitzarmen hau Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean 2009ko uztailean izenpetutako Lankidetzarako Protokolo Nagusiaren emaitza da, eta esparru-hitzarmen honetan zehaztutako printzipioen arabera, bikoiztasunak saihestea eta gastuak murriztea ditu xede. "Espainiako gainontzeko erkidegoetan bezala gaztelania hitz egiteaz gain", Nafarroak eta Euskadik beste hizkuntza propio bat dute.
Ikerketatan eta mapa soziolinguistikoetan, EAE eta Nafarroa bi erakunde desberdin direla eta administrazio publiko desberdinak dituztela "argi" zehaztu behar dela zehazten du akordioak.